Katalamixonek ekitaldiak egingo ditu bost urteko ibilbidea borobiltzeko

Aritz Maldonado 2020ko ira. 25a, 11:00

Abadiñoko Katalamixon aisialdi elkarteak ekitaldi sorta antolatu du bere bosgarren urteurrena ospatzeko. Hasieran adin tarte txiki baterako aisialdia eskaintzeko helburuagaz jaio bazen ere, hazten joan da urteotan, batez ere ingurukoen inplikazioari eskerrak. "Begiraleak, begirale ohiak, umeak, gazteak, gurasoak... oso komunitate zabala eta polita osatzen dugu", azaldu du Irati Bazeta Katalamixon elkarteko kideak.

Katalamixonek gorabeherak eduki ditu, eta aurten are gehiago, koronabirusaren agerpenagaz. "Itxialdian internet bidezko programazioa eskaini genuen, pantaila baten bitartez izan bazen ere, eta umeek eskertu egin zuten horrelako ekintzak eskaintzea", azaldu du Bazetak. Udalekuak, ostera, bertan behera utzi behar izan zituzten. "Segurtasuna eta osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak ez ziren bateragarriak udaleku batzuekin, baina, hala ere, beharrezko neurriak hartuta aisialdia eskaintzea posible dela erakutsi dugu", gaineratu du.

Urteurren ekitaldiak
Zapatuan, hilak 26, taberna ibiltaria egongo da euskal kantuez gozatzeko; probalekutik abiatuko da, 18:30ean. Bestalde, domekan bideo emanaldia egingo dute urteotan bildutako irudiekin. Urteurren festa borobiltzeko, bertso saioa egingo dute urriaren 16an; Bittor Altube, Leire Vargas, Igor Galarza eta Araitz Katarain arituko dira bertsotan. Jon Zialzetak ipiniko dizkie gaiak. "Ea urriaren 16an Probalekua bete ahal dugun", esan du Bazetak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!