Eskolan osasuna bermatzeko baliabide gehiago ipini daitezen eskatu dute Traña-Matienan

Anboto 2020ko ira. 7a, 15:16

Traña-Matienako guraso talde batek elkarretaratzea egin du gaur Traña plazan. Ikastetxean osasuna bermatzeko baliabide gehiago ipini daitezela eskatu dute.

Ikasturtea mobilizazioekin hasi dute Abadiñoko Traña-Matiena auzoan. Guraso talde batek baliabide gehiago ipintzea eskatu die administrazioei. Irakasle eta jantokiko hezitzaile gehiago egon daitezen gura dute, besteak beste. Elkarretaratzea egin dute gaur, Traña plazan, 13:00etatik hasita. 

Eskakizunak

Barikuan agerkari honek aurreratu zuenez, Traña-Matienako guraso taldeak hainbat eskari ipini ditu mahai gainean. Honakoak dira:

  1. Irakaskuntzarako eta jantokirako behargin gehiago kontratatzea.
  2. Ikasgeletan maskarak ipintzea, "umeen maskarak apurtu, zikindu edo busti" egin daitezkeela eta.
  3. Ikasleei ordezko maskara bat eramateko eskatzea, batez ere jantokia erabiliko dutenei. "Lau orduko erabileraren ostean, maskara baliogabe gelditu ohi da, eta ez du babesten ez maskara ipinita daraman pertsona ez eta ondokoa ere", diote.
  4. Ikasgelak etengabe egon daitezela egurasten.
  5. Jantokiko taldeen txanda kopurua areagotzea
  6. "Urriaren 15etik aurrera familiaren baten egoera aldatzeak, eta horren ondorioz umeren batek jantokira joateari utzi behar izateak, ez du esan gura umea jantokiko erabiltzailea izan ezin daitekeenik. Injustua da. Umeak elkarbizitza taldearen parte dira".
  7. "Gerta daitezkeen kasuistiken gaineko informazioa eskatzen dugu. Zer gertatuko litzateke kasu positiboren baten ondorioz berrogeialdia egin beharra baletor? 15 egun horietan online klaserik egongo litzateke? Anti-gorputzak dituen ume batek berrogeialdia egin behar du?". galdetu dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!