Txakurren txiza-parrastadak ekiditeko metodo bitxia topatu dute Abadiñon

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 6a, 19:32

Traña-Matienako dendari batzuek ur-botila beteak ipini dituzte espaloian. Botilak jarri dituztenetik txakurrek ez omen dute txizarik egiten euren negozio atarian. Duela astebeteko kontua da. Martin Petite prentsa saltzaileak dio metodoak funtzionatu egiten duela. Txakur-txizak ekiditeko metodo berria ote? Harekin izan gara.

Zubibitarte kaleak itxura berezia du egunotan. Ur-botila bat hemen. Beste ur-botila bat han. Guztira, bospasei dira espaloian zehar barreiatutako botilak. Kale horretako denden eta negozien atarian ipinita daude guztiak. Helburua, argia: txakurrek horma-kontra egin ohi dituzten txiza-parrastadak ekiditea.

Martin Petite prentsa saltzailea da ideia bultzatu duena. "Duela astebete ipini genituen botilak eta esango nuke metodoak funtzionatu egiten duela. Azken egunotan ez dugu txakurren txiza-parrastadarik izan kale inguru honetan", azaldu du. Aitortu du kokoteraino daudela txakurren txizekin. "Aurrekoan, goizaldean ur-botila horietako batzuk errepidera botata ikusi nituen. Esango nuke txakur-jaberen bati ez zaiola hau gustatu. Botilak berriro kentzen baditu, prest nago. Ur-botila gehiago ditut gordeta", dio. Garai batean beste hauts hori batzuk botatzen zituzten espaloi ertzean, baina egungo udal araudiak ez du halakorik baimentzen.

Petite izan da ur-botilen metodoa Zubibitarte kalera eraman duena, baina argi utzi du ideia ez dela berak sortutakoa. "Gaztela aldeko herrietan ohikoa da kalean honako botilak ikustea. Han asko erabiltzen dute, eta, antza, funtzionatzen du", dio. "Nik ez dakit zein den arrazoia, baina eragina duela dirudi. Batzuek diote txakurrak txiza bueltan etor dakiokeela ikusten duela, botilan ez-dakit-zein isla ikusten duela. Auskalo". Ur-botilen ondoan, txizarik ez egiteko eskatzen duten kartelak ipini dituzte.

Zubibitarte kaleko ohitura hau berria da, baina Petitek argitu du Traña-Matienako taberna batek aspaldidanik erabiltzen duela metodo hau. Txakurren txiza-parrastaden kontrako metodo berria ote?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!