Datorren astean hasiko dira eskolak, eta Traña-Matienako guraso batzuk kezkatuta daude. Baliabideak falta direla diote, eta horiek eskatzeko kontzentratuko dira. "Hezkuntzan murrizketarik ez" mezua daraman pankarta erabiliko dute. Irakaskuntza arloko behargin gehiago egotea eta jantokian hezitzaile gehiago ipintzea eskatuko dute. Azaldu dute jantokiko txanda guztietan hezitzaile berdinak daudela, eta, horrenbestez, pertsona bera legokeela beti ikasle-talde guztiekin kontaktuan. Jantokiko zerbitzua bukatu eta gero patioan segurtasuna bermatzeko neurririk ez dagoela ere aipatu dute.
Eskakizunak
Hauek dira Traña-Matienako guraso taldearen eskariak:
- Irakaskuntzarako eta jantokirako behargin gehiago kontratatzea.
- Ikasgeletan maskarak ipintzea, "umeen maskarak apurtu, zikindu edo busti" egin daitezkeela eta.
- Ikasleei ordezko maskara bat eramateko eskatzea, batez ere jantokia erabiliko dutenei. "Lau orduko erabileraren ostean, maskara baliogabe gelditu ohi da, eta ez du babesten ez maskara ipinita daraman pertsona ez eta ondokoa ere", diote.
- Ikasgelak etengabe egon daitezela egurasten.
- Jantokiko taldeen txanda kopurua areagotzea
- "Urriaren 15etik aurrera familiaren baten egoera aldatzeak, eta horren ondorioz umeren batek jantokira joateari utzi behar izateak, ez du esan gura umea jantokiko erabiltzailea izan ezin daitekeenik. Injustua da. Umeak elkarbizitza taldearen parte dira".
- "Gerta daitezkeen kasuistiken gaineko informazioa eskatzen dugu. Zer gertatuko litzateke kasu positiboren baten ondorioz berrogeialdia egin beharra baletor? 15 egun horietan online klaserik egongo litzateke? Anti-gorputzak dituen ume batek berrogeialdia egin behar du?". galdetu dute.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen guraso talde batek egin du mobilizatzeko deia.