Abadiñoko Udalak 6.500 erosketa-bonu baino gehiago eskainiko ditu irailetik aurrera

Anboto 2020ko abu. 25a, 17:18

Irailaren 1etik aurrera eskuratu ahalko dira bonu horiek. Abadiñoko hogeita hamar denda eta ostalaritza lokaletan erabili ahalko dira. 

Iñaki Rekalde Abadiñoko Ogasun, Ekonomia sustapen eta Enplegu arloko zinegotziak jakinarazi duenaren arabera, 5, 30 eta 40 euroko deskontuak lortu ahal izango dira bonu horiekin.  Guztira, 99.260 euro bideratu ditu Abadiñoko Udalak kanpaina honetara. "Herriko merkataritzari 165.920 euroko itzulia ekarriko diete bonuek. Abadiñoko familia askok ataratzen dute bizimodua establezimendu horiekin, eta une hauetan sekula baino babes gehiago eman behar zaie koronabirusaren pandemiak euren negozioari egindako kalteari aurre egiteko".

Bonuak irailaren 1etik aurrera jaso ahal izango dira udal bulegoetan, eta Udal mediatekan; irailaren bigarren astetik aurrera Errota kultur etxean ere banatuko dituzte. 

EH Bilduren proposamenak

Abadiñoko EH Bilduk ohar batean adierazitakoaren arabera, udal gobernu taldeak alderdi independentistak zirriborroari egindako hainbat ekarpen hartu ditu kontutan. "Langabetuentzako eta 65 urtetik gorakoentzako laguntzak igotzea proposatu genuen". Horrez gainera, koronabirusak eragindako ondorioei aurre egiteko plangintza integral bat garatzea eskatu dio udal gobernu taldeari.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!