Asier Aspuru da gaurdanik Ipar Euskal Herriko bigarren mailako txapeldun berria trinkete jokoan. Pilotari abadiñarrak txapelketako finala irabazi du gaur arratsaldean Donibane Garazin (Nafarroa Beherea). Abadiñarrak 40-19 irabazi dio Amikuze eskualdeko Florian Mendiburu pilotariari. Aspuruk partidaren hasieratik markatu du lehiaren pultsua eta partida bukatu arte gainetik aritu da. Ikusleen artean izan dira bere familiako kideak eta Abadiñotik berotasuna eskaintzera bertaratutako lagunak.
Gaurko garaipenagaz datorren denboraldian Ipar Euskal Herriko lehen mailan jokatzeko aukera zabaldu zaio Aspururi. Orain arte Hendaiako (Lapurdi) Endaiarrak pilota taldearekin jokatu du.
Arroitajauregi gogoan
Finala irabazitakoan, Aspuruk gogoan izan du Kepa Arroitajauregi. Haren omenezko kamiseta bat erakutsi du garaipena lortu berritan. Izan ere, pilotariak beti aitortu izan du Kepa Arroitajauregi ezinbesteko bidelaguna izan duela bere kirol ibilbidean.