“Udako mozkorraldian gaude, baina oso negu gogorra dator"

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 25a, 11:00

Orain lau hilabete bere kontura lanean hasi zenetik, Marbella eta Madril artean bizi da Ixaka Garate (Abadiño, 1976). COVID-19 birusaren eraginez, Marbellan turismoa jaitsi dela dio, baina urteroko bisitariak bertan daudela.

Abadiñotik urrun zabiltza azken urte hauetan...
Bai. Bilbon logistikako multinazional batean lanean nengoela, Kolonbiara joateko aukera eskaini zidaten, eta baietz esan nuen. Aurretik, Txinan eta Indian ibilia nintzen, han ere zuzendari komertzial moduan. Aldaketa handi bezain polita izan zen. Kolonbian sei urte egin nituen. Ura tratatzeko sistemak jartzen ere egin nuen lan, eta Latinoamerikako arte enpresa batean, salmenta buru lez. Sanjoanetan egon nintzen Abadiñon, zazpi urte eta gero lehenengoz.

Orain, Marbellan bizi zara. Zelan bizi duzu COVID-19ak sortutako krisia?
Lanerako aukera handia da, krisi egoeretan banketxeek ez dutelako dirurik ematen. Enpresak finantzatzen ditugu, eta likidezia falta handia dago, orokorrean. Uda giroak arazoa apur bat leundu duen arren, urtea amaitu baino lehenago, estatu osoa egongo da salgai. Bizi dugun egoera dramatikoaz konturatuko gara. Baina, dirua lortzeko aukera dutenentzat inbertitzeko sasoi ezin hobea da.

Turismoagaz oso lotuta dago Marbella. Arduraz bizi du jendeak koronabirusaren eragina?
Bai. Baina, oraindik ez gara kontziente. Birusaren eraginak gutxitzen ditugu, eta udaz disfrutatzea dugu gogoan, Marbellan zein Durangon. Itxita daude Marbellan historikoak ziren zenbait lokal; inor gutxik sinisten zuen horrelakorik. Egoeraren ideia bat ematen du. Ostalaritza bolumen handietan lan egiteko dago prestatuta, eta topera lan egin ezean, hobe dute itxi. Likidezia bila dabiltza hotel eta negozio asko. Udako mozkorraldian gaude, baina oso negu gogorra dator.

Hasi dira turistak heltzen?
Bai, Durangaldetik asko etortzen dira. Eguraldia izugarria da, eta bizi kalitatea oso ona. Urterokoak hemen daude, baina turismoa jaitsi egin da, bai. Aireportuak itxita egon dira, eta hoteletan erreserba mordo bat bertan behera utzi dituzte. Marbellan biztanleria bi milioira heltzen da udan. Dena den, leku asko baino lehenago altxatuko da.

Zergatik diozu hori?
Irla bat da Marbella, estatuaren barruan. Gehiago edo gutxiago, baina beti dago jendea hemen. Goi mailako turismoa erakartzen du, gainera; mundu osoan du sona, eta leku estrategikoan dago. Europako etxebizitza urbanizazio onena ere hemen dago. Dirudunak bizi dira bertan; horiek beti etorriko dira.

Beste Marbella ere hor dago…
Bai. Zerbitzuetatik bizi dena. Marbellan 400dik gora eraikuntza enpresa eta luxuzko-zerbitzuen enpresa asko daude. Ferrarik kontzesionarioa du eta Rolls Royce-ak ikusten dira kalean. Hori hor dago beti; luxu hori oso errotuta dago Marbellan. Horrek egiten du berezi.

Berragertzeak direla-eta, maskara derrigorrezkoa da Andaluzian ere.
Andaluzian egon da COVID-19 kasu gutxien, orain berragertzeak egon arren. Hala ere, jendeak badaki ekonomia ezin dela gelditu eta ondo onartu du neurria. Maskara ez erabiltzeak galera handiagoak ekarriko lituzke. Arduraz dihardute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!