Uztailean zehar Astolako igerilekua zabaltzea gura du Abadiñoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 29a, 12:28

Dagoeneko estalkia dago. Orain Abadiñoko Udalaren lehentasuna igerileku handiko basoa konpontzea da. Bestalde, kiroldegiko gimnasioa datozen egunetan irekiko dutela jakitera eman du udalak. 

Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak prentsaurreko bidez jakitera eman dutenez, uztailean zehar Astolako igerilekuak irekitzea aurreikusten dute. Igerilekuak udako igerileku moduan zabalduko dituzte, estalki gabe. Dagoeneko estalkia kenduta dago, baita aldemeneko ateak ere.

Baina estalkiarena ez da arazo bakarra izan, igerileku handiko basoan ere arazoak daude. Crespok jakitera eman duenez,  "basoa hondatu egin da eta orain hori konpontzea da lehentasuna".  Beraz, behin hori konponduta igerilekuak zabalduko dituztela jakitera eman dute. Hauek udako igerileku moduan erabiliko dira. "Gure helburua uztailean zehar igerilekuak zabaltzea da", aitortu du alkateak. 

Bestalde, behin udako denboraldia bukatuta, estalkia jartzeko lanekin hasiko dira. "Lanean jarraitzen dugu, hurrengo hilabeteetan, ahalik eta arinen, estalki berria izateko", jarraitu du Crespok. 

Kiroldegia
Bestalde, kiroldegiko gimnasioa datozen egunetan zabalduko dela jakitera eman du Garaizabalek. Alkateak esan duenez, orain gimnasioa garbitzen eta desinfektatzen dabiltza.

Horrez gain, udazkenerako gimnasioko makineria berriztuta izatea aurreikusten dutela esan du alkateak. "Makineria berrizteko 40.000 euroko diru partida daukagu, eta gure asmoa udazkenean makinak berriztea da. Udazkenerako makina berriak izatea aurreikusten dugu", bukatu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!