Galizia plaza inguruan 17 aparkaleku berri jartzea proposatu du EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 23a, 13:27

Galizia plazan eta Trañaetxoste kalean "aparkalekuekin dagoen arazoari" irtenbide bat eman gura dio Abadiñoko EH Bilduk. 

Martxoan Abadiñoko EH Bilduk Abadiño Mugi proiektua jarriko zuen martxan, "herriko mugikortasuna aztertu eta irtenbidea emateko".  Lehenengo urratsa, Zelaieta auzoko mugikortasuna aztertzea izan zen. Orain, berriz, Galizia plaza eta Trañaetxoste inguruan dagoen, "arazoari" irtenbidea eman gura diote. "Saturatuta dagoen gune horrek irtenbide integral bat behar du, Eusko Trenekin elkarlanean aparkaleku berri bat eginda. Hala ere, bien bitartean, eta egoeraren larritasunaz ohartutik, behin behineko irtenbide bat proposatzen dugu", adierazi dute oposizioko taldekoek. 

Proposamenean EH Bildukoek 17 aparkaleku berri jaso dituzte. Baita, plaza barruko aparkalekuak berrantolatzea, egoiliarrentzako gunea ezartzea eta gune seguruago eta irisgarriagoak jartzea ere, besteak beste. 

Bestalde, beraien asmoa proposamena auzotarrekin aztertzea eta lantzea zela jakitera eman dute, baina Covid-19a dela eta, une honetan, ezinezkoa dela. Hala ere, komunikazio bideak zabaldik dituztela eta auzotarrei iradokizunak egiteko murrutia@abadiano.eus helbidera idazteko edo 688 743 408 telefono zenbakira deitzeko gonbita luzatu diete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!