“Osasun arreta guztia telefono bitartez egin da; zer egin dezakegu gorrak garenok?”

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 19a, 10:00

María Vazquezek (Abadiño, 1994) bere sorlekuan hartu gaitu, Traña Matiena auzoan.  Euskal Gorrak Federazioko kidea da eta María Sánchez-Guardamino interpretearen bitartekaritzaz erantzun die ANBOTOren galderei.

Koronabirusari lotutako mezuak gorren kolektibora moldatu dira?
Ez. Informazio asko falta dugu, eta heltzen zaigunak ziurgabetasuna eragiten digu askotan. Telebistan, adibidez, sarri ez da interpreterik egoten, eta interpretea dagoen kasuetan lauki txiki batean ageri da, kalitate baxuan, eta batzuetan ondo fokatu barik. Azpitituluen kasuan ere, antzera. Batzuetan ez dago azpititulurik, eta daudenean, edo berandu sartzen dituzte edo informazioaren erdia falta dute. Gobernuetako agerraldietan, hor bai, hor beti egoten da interpretea, eta helarazten digute  informazioa. Bestalde, idatzizko komunikazioan badugu informazioa. Gertatzen dena da gure kolektiboko kide guztiak ez daudela trebatuta idatzizko komunikazioan. Eta, gure errealitatetik aparte, beste batzuena ere kontuan hartu behar da, itsuak diren gorrena, hain zuzen ere.   

Gizarteak gorrak ahaztu dituen sentipenik baduzue?
Bai. Esatea apur bat gogorra bada ere, iruditzen zait gizarte egoista batean bizi garela. Bakoitzak bereari begiratzen dio. Jende askok ez du gorra den inor ezagutzen, eta, jakina, gorrak aintzat ez hartzea dakar horrek. Entzule direnek gorren bat ezagutzen dutenean, orduan konturatzen dira ditugun oztopo komunikatiboez, eta horiek apurtzeko borondatea agertzen dute. Horixe eskatuko nioke gizarteari, oztopoak apurtzen laguntzeko. Komunikazio guztiak bisualagoak balira, eskubide berdinak izango genituzke denok.

Adibideak ipintzearren, zeintzuk dira osasun krisialdi honetan dituzuen oztopoak?
Hainbat daude. Oztopoetariko bat lehentxoago aipatu dudana, ez zaigula informazioa heltzen. Informazio, protokolo eta segurtasun neurri guztiak entzuleak direnen neurrira eginda daude. Gorrak garenok edo bestelako ezgaitasunen bat dutenak ez dira aintzat hartzen. Gero, hezkuntzaren gaia dago. Internet bidezko ikasketen bidea oso ondo dago, inportantea da. Baina arazoak ere planteatzen ditu. Kontuan hartu behar da gor guztiek ez dakitela ondo zeinu-hizkuntza, eta, horrenbestez, bideoaren beste aldean interprete bat izatearen aukera ez dela beti bateragarria. Azpitituluak behar dira. Beste arazo handi bat telefono mugikorra da. Koronabirusari lotutako osasun arreta guztia telefono bidezko komunikaziora bideratu da, baina zer egin dezakegu gorrak garenok? Horren aurka ere bagabilza borrokan. Koronabirusaren aurretik, medikuarenean ordua eskatzeko edo sintomak adierazteko, gure familiako kideren bati deituta konpontzen zen dena. Baina hori arazo bat da guretzat. Pertsona heldua naiz, nire osasuna da. Eta, beraz, zerbait pribatua.

Orain maskarak darabiltzagu, eta maskarek ezpainak irakurtzea galarazten dute. Zelan moldatzen zarete?
Maskara ez da gorren arazoa bakarrik. Entzuleena ere bada. Azken finean, keinuek, gure aurpegiko jarrerek, informazio asko ematen digute. Egia esan, ezpainak irakurtzea oso lagungarria da, baina ez da irtenbidea. Lagundu egiten die batzuei, baina ez da denentzat bateragarria. Orain, asko berba egiten da maskara gardenari buruz. Baina, oraingoz, ez dago homologatutako ezer. Jendeak erabiltzen ditu, baina seguruak dira? Oraingoz, guk ez ditugu erabiltzen.

Zelan lagundu diezaiokegu gorren komunitateari?
Zer behar dugun galdetuta. Gure kolektibo barruan aniztasun handia dago. Ez gara talde homogeneo bat. Eta laguntzeko biderik errazena, lehenengo eta behin, zer behar dugun galdetzea da. Eta ez dadila entzuleen kolektiboa bakarrik aintzat hartu. Pandemia honetan ez dago batasunik guretzat. Entzuleen taldea batuta dago. Gorrena ere bai. Baina ez dago talde bien arteko integraziorik. Non dago integrazioa? Lan handia dugu aurretik. Herritarrei esango nieke beldurrik barik etortzeko gugana. Zeinu-hizkuntza ikasteko. Etorri, galdetu, komunikatu. Apurka-apurka lortuko dugu. Gorrok pertsona indartsuak gara eta elkarri lagunduta asko ikasi dezakegu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!