“Uneibin oso zoriontsu izan naiz, eta pena handiagaz itxi dut ”

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 13a, 11:00

Mari Carmen Aldazabalek Traña-Matienako eta inguruko herrietako ume eta gaztetxoen ahoak gozatu ditu urte askoan. Orain, baina, 37 urteren ondoren, Uneibi gozoki-dendako pertsiana jaitsi eta beste era batera bizitzea du helburu Traña-Matienan oso maitatua den Aldazabalek.

Horrenbeste urtean herriko umeen topaleku izan den Uneibi gozoki-denda itxi duzu. Zer dela-eta?
Dendagaz uda ostera arte jarraitzea zen nire asmoa. Negua gogorra izaten da hemen, baina uda oso polita. Beraz, behin uda pasatuta denda ixteko asmoa nuen. Baina konfinamentu sasoian, denda itxita eduki dugunean, hainbat gauza alferrik galdu zitzaizkidan. Orduan, erabaki bat hartu behar nuen: horiek guztiak kendu eta berrizten hasi, edo Uneibi itxi. Eta, azkenean, ixteko erabakia hartu nuen.

Penagaz?
Pena itzelagaz. Azken batean, Uneibi ixteagaz batera hainbat momentu eta bizipen atzean utzi ditut eta.

Zuretzat zer izan da Uneibi?
Niretzat dena izan da. 37 urtean mostradorearen atzean hainbat momentu zoragarri bizi izan ditut, gauza polit asko eman dizkit denda honek. Egia esan, azken urteotan denbora gutxiago egiten nuela bertan, goizetan bilobekin egoteko aprobetxatzen nuen eta arratsaldetan dendara etortzen nintzen. Uneibin oso zoriontsu izan naiz eta pena handiagaz itxi behar izan dut.

Eta herriko umeentzat, zer izan da Uneibi?
Hori eurek erantzun beharko dute, baina esango nuke topaleku bat izan dela. Dendan aulki batzuk izan ditut eta ume askok eta askok arratsaldeak igaro dituzte bertan. Euren artean berriketan, baita nigaz berbetan ere. Uneibin entzundako sekretutxoak ezin zaizkio inori kontatu. Umeen eta nire arteko kontuak dira, eta dendan gelditu dira. Ez dira bertatik inoiz irtengo.

Denda itxita ikusterakoan, herritar askok pena handia hartu dute.
Denda honetatik hiru belaunaldi pasatu dira. Ume ziren asko euren seme-alabekin etorri izan dira eta uste dut herritar askorentzat berezia izan dela denda hau. Nik izugarri maite ditut herriko umeak, eta eurek ere asko maite nautela esango nuke. Bai, herritar askok ere pena hartu dute. Azken batean, eurekin oso hartu-eman berezia sortu da Uneibin. Auzoko ume eta gazterik gehienak ezagutzen ditut. Gaur egun ere askoren izenak dakizkit, eta denek agurtzen naute kalean.

Uneibi gozoki-denda 37 urtean egon da zabalik. Umeen kontsumitzeko ohiturak asko aldatu dira?
Bai. Orain urte batzuk donutsak eta susoak izugarri saltzen ziren. Orain, ostera, beste gozoki mota batzuk saltzen izan ditut. Lehen, gainera, ikasle eta irakasleak eskolako jolas-orduan etortzen ziren dendara, eta asteburuetan ere izugarri saltzen nuen. Orain ohiturak aldatu egin dira. Jolas-orduan ez dute kalera irteten, eta asteburuetan ume asko eguna pasatzera joaten dira gurasoekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!