AHTren obretan "irregulartasunak eta arau-hausteak" salatu ditu Abadiñoko EH Bilduk

Anboto 2020ko eka. 1a, 12:11

Kamioi eta makinak udal errepideetatik baimen barik dabiltzala edota lursailetan baimenik barik "markak jartzen" dabiltzala salatu du EH Bilduk, besteak beste. Lanen arduraduna den enpresak trafiko eta segurtasun txostenak entregatu bitartean, obrak gelditzea eskatu dio koalizio independentistak udalari.

Irazolako inguruetatik zuhaitzak baimenik barik ateratzen ari direla, eta bertako bizilagun baten lur sailera sartu eta markak jartzen aritu direla salatu du EH Bilduk, baita ere. "Udaletxearen ordenantzak argi adierazten du basoetatik egurra ateratzeko baimena eskatu behar dela, aterako den bolumena zehaztuz eta horren araberako berme bat ordainduz. Horrelakorik egin gabe, hainbat kamioi aritu dira egurra ateratzen".

EH Bilduren arabera, udalak neurriak hartu beharko lituzke enpresak trafiko eta segurtasun txostenak entregatu bitartean. 

"Diru hori, zerbitzu sozialetara"

"AHT EAJren lehentasun nazionala dela badakigu, Abadiñoko altxorrak izorratuko dituen azpiegitura ere baden arren" salatu dute ohar baten bidez, baita ere. Horregatik, proiektuaren aurrekontua osasun publikora edota "berregite ekonomiko jasangarri" batera bideratzeko eskatu du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!