Merkatarientzako, ostalarientzako eta autonomoentzako laguntzak eskainiko ditu Abadiñoko Udalak

Anboto 2020ko mai. 20a, 13:34

Apirileko eta maiatzeko mantenimendu gastuak ordaintzen laguntzeko 100.000 euro bideratuko ditu Abadiñoko Udalak. 

Eskatzaile bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu gehienez, eta "negozioa zabalik mantentzeko izandako gastuak diruz laguntzeko erabiliko dira", hau da, argia, telekomunikazioak, gasa, ura, sgurtasun pribatua, alarmak, eskularruak, manparak edota bestelakoak ordaintzeko izango da laguntza. 

Neurrien bidez, koronabirusaren krisiak Abadiñoko familia askotan eragindako kalte ekonomikoak arindu gura ditu udalak Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak ohar baten bidez adierazi dutenaren arabera. Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hamabost eguneko epea izango dute interesdunek laguntza eskatzeko. 

Erosketa bono-kanpaina

Irailean, bestalde, martxan jarriko du Abadiñoko Udalak herrian erosteko kanpaina bat. 99.260 euro bideratuko ditu egitasmora, eta 165.920 euroko itzulera edukitzea aurreikusten du. Ekainaren 26ra arte edukiko dute merkatariek eta ostalariek izena emateko epea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!