Abadiño futbol klubak Ohorezko Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian, bere historian lehenengoz

Joseba Derteano 2020ko mai. 13a, 18:18
Abadiñoren aurtengo denboraldiko taldea (Argazkia: abadinoke.com)

Ligak geratu zirenean igoera postuan kokatuta zegoen eta, orain, ligak bertan behera geratu direnean, ordena hori errespetatu du Bizkaiko Futbol Federazioak.

Iurretako, Elorrio... eta Abadiño. Bizkaiko Ohorezko Mailak Durangaldeko hiru talde izango ditu hurrengo denboraldian. Abadiñok gaur lortu du igoera, denboraldia bertan behera geratu ostean. Ligak geratu zirenean hirugarren zegoen, igoera postuan. Klubaren historian lehenengoz jokatuko du hain maila altuan.

Abadiñoren datu azpimarragarriak ez dira hor amaitzen. Izan ere, bigarren urtez jarraian lortu du mailaz igotzea: Lehenengo Erregionaletik Ohorezko Mailara. Orain hiru urte Gorka Moreno entrenatzaileak eta bere lantaldeak taldearen ardura hartu zutenetik, klubak gora egin du eta emaitzak begibistakoak dira. Urte bian ia ez dute fitxaketarik egin eta harrobitik zein bigarren taldetik hornitu dira. Hurrengo denboraldian berdin jarraitzeko asmoa dute. "Jokalariek oso ondo lehiatzen dutela erakutsi digute eta Ohorezko Mailan maila eman dezakegula uste dut", adierazi du Morenok. 

Ezin daiteke ahaztu Abadiño B-k ere mailaz igotzea lortu duela aurten: Hirugarren Erregionaletik Bigarren Erregionalera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!