Gregorio Urionaguena 'Aitxu' dantzaria hil da 103 urtegaz

Jone Guenetxea 2020ko mai. 12a, 16:27

Gregorio Urionaguena joan zen abuztuan Gerediagan egindako omenaldian, familia argazkian.

1917an jaio zen, Lebarioko Ola baserrian. Gerra zibilean Bizkargiko erresistentziara joan zen. 

Gregorio Urionaguena Arriagaren pasioa dantza izan da. 'Aitxu'-k 6 urte zituela, 1923an, Salbadoren dantzatu zuen lehenengoz dantzari dantza. 

Gerra zibila bizi izan zuen. 20 urterekin Bizkargiko erresistentziara joan zen, frontera, handik Sollubera, Santo Domingoko aldatzera, Bilboko erreka eta zubiak defendatzera. Portugaleten, Gallartan, Gasteizko eta Orduñako seminario zaharrean ere ibili zen gerra garaian. Abadiñoko udaletik, Errusiar gudan laguntzeko deia izan zuen baina, ez zen joan. Soldaduzka Logroñoko koartelean egin zuen 'Batallon de trabajadores nº 18' delakoan.

1955ean Garaje Gregorio sortu zuen, Durangoko Astarloa kalean. 72 urterekin jubilatu zen. Gregorioren beste zaletasunetako bat, jubilatu ostean, erlojuak konpontzea zen eta, horrela Durangoko Andra Mari elizako dorreko erlojua, hainbat urtetan geldi egon zena, konpondu eta zaindu zuen.

Omenaldi hunkigarria

Joan zen urteko abuztuan Gerediaga auzoko jaietan Gregorio Urionaguena omendu zuten Salbadore egunez. Auzokideek ekitaldi xume baten bidez 'Aitxu' omendu gura izan zuten. Ekitaldian 'Aitxu'-k publikoaren txalo zaparradari erantzun zion: "Sei urtegaz hasi eta ahal izan dudan guztietan etorri naiz Salbadore egunez. Aurreskua ahal den guztietan egin dut. Baina, orain, zahartzaroan ezin leike egin. Oso pozik nago hainbeste jende hemen ikusteagaz. Esperantza daukat datorren urtean ere hemen ikusiko garela". Gerediagako plazak 'Aitxu'-ren falta sumatuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!