“Senegalen neurri asko hartu dituzte eta nahiko ondo kontrolatzen ari dira egoera”

Jone Guenetxea 2020ko mai. 9a, 10:00

Koronabirusaren krisiak Senegalen harrapatu zituen Itziar Larrinaga eta bere familia. Afrikako herrialde horretan egoera hau zelan bizi duten kontatu dio ANBOTOri.

Zelan zaudete zu eta zure familia?
Nahiko lasai gaude eta egoera noiz hobetuko den zain, etxera bueltatu ahal izateko. Gure asmoa lehenago itzultzea zen, baina mugak itxita daude oraingoz.

Koronabirusak zelako eragina izan du zuek zaudeten zonalde horretan?
Oso presente dagoen kontua da eta egunotan gai hori baino ez da entzuten hedabideetan. Senegalen neurri asko hartu dituzte eta nahiko ondo kontrolatzen ari dira egoera. Esaterako, kalera irteteko derrigorra da maskara ipintzea, eta poliziak isuna ipintzen die maskararik barik dabiltzanei. Horrez gainera, zaborrontzi kopurua hirukoiztu egin dute. Hemen zein Afrika osoan, oso gatxa da erabateko konfinamendua mantentzea. Jendea egunero irteten da kalera janaria erostera edo saltzera. Baina kalera irteteko orduak mugatuta ditugu: 20:00etatik 06:00etara denok etxean egon behar dugu. Etxetik ahalik eta gutxien irteteko gomendatzen dute eta normalean baino askoz ere jende gutxiago ikusten da kalean.

Senegalen ume talibeei laguntzen dien elkarte bat dago eta zuk eurekin hartu-emana duzu. Nortzuk dira ume talibeak?
Talibeak Korana ikasten duten umeak dira. Gambiatik, Gineatik, Senegal bertatik eta beste herrialde batzuetatik heltzen dira, euren familiek bidalita. Daara izeneko etxe batzuetan batzen dira eta marabout izeneko irakasleekin Korana ikasten dute. Bizimodu gogorra daramate. Maraboutek dirua edo janaria eskatzen dizkiete irakastearen truke eta umeak goizean goizetik kalean ibiltzen dira potetxo bategaz janari eta diru bila. Eta irakasleari batutakoa nahikoa ez dela iruditzen bazaio, tratu txarra jasotzen dute. Horrelako 9.000 ume inguru daude hemen. Koronabirusa dela-eta 20:00etarako etxeratzeko agindua dagoenez, umeek sarritan ez dute afaltzen. Ni bizi naizen etxeko jendea ume horiei laguntzeko elkarte batean dago eta diru bilketa bat egin dute. Batutako diruagaz janaria erosi, taldeka afariak prestatu eta Daaretara eramaten dituzte, umeek zer afaldu izan dezaten. Keur Talibe Ndar deitzen da elkartea. Koronabirusa dela-eta, zeregin honetan zentratuta dabiltza, baina, bestela, modu askotara laguntzen diete umeei. Esaterako, kalean egindako zauriak osatzen. Horrez gainera, Daara batzuk ez daude ondo, eta umeek zoru bustian eta lokaztuan lo egiten dutenez, txabolak egiten dizkiete. Hezkuntzara bideratutako proiektuak ere garatzen dituzte. Izan ere, umeek Korana ikasten dute, bai, baina ez dakite idazten eta irakurtzen. Frantsesa ere ez dute ikasten. Beraz, ikastaroak antolatzen dizkiete hizkuntza ikasteko eta lan mundurako sarbidea errazteko; besteak beste, argazkilaritza, alfabetizazioa, frantses eskolak, birziklapenaren ingurukoak,

Hemendik zelan lagundu daiteke?
Diru ekarpenak egin daitezke eta diru hori umeei afariak prestatzeko  erabiliko dute (www.keurtalibendar.org).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!