Dena ondo zihoan, birusa agertu zenera arte.
Posizio onean joan gara. Hasieran uste genuen geldialditxo bat besterik ez zela izango, baina, asteak aurrera joan diren heinean, une latz batean gaudela konturatu gara denok. Azkenean, sailkapena beste plano batean geratu da.
Horren ondo aritu eta gero, ez dizue inpotentziarik sorrarazi egoerak?
Ernegua sorrarazi zigun, jakina. Taldea ederto zebilen. Baina ernegu hori baretzen jakin dugu, jakin badakigulako osasuna beste ezeren gainetik dagoela.
Esan dizuete konfinamendua amaitzean zelan jarraitu dezakeen lehiaketak?
Egoeraren arabera, eta birusa garatzen doanaren arabera, bide posible bi azaldu dizkigute. Batetik, liga ez amaitzea da ziurrenik gertatuko dena. Nahiko argi ikusten dut hori. Beraz, sailkapenak dauden moduan hartu, eta horren araberakoak izango lirateke igoerak eta jaitsierak. Bestetik, playoffak jokatzea proposatu dute. Kasu horretan, gure mailan dauden multzo bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek Murtziara joan beharko genuke. Denok hotel batean elkartu, eta konfinamenduak eman dezakeen malgutasunagaz partidu horiek jokatuko genituzke. Hala ere, gertaeren arabera erabakiko da. Birusaren bilakaera ikusita, gatx izango da lehiaketara bueltatzea.
Jokalarien artean ere berba egingo zenuten. Zer iritzi dute taldekideek horren inguruan?
Jokalari guztiak antzera gaude. Agerian dago egoera ezohikoa dela, eta denok ipini behar dugu gure aletxoa. Ulertzen dugu ezinezkoa dela futbolean jokatzea. Guztion osasunak du lehentasuna, eta hartzen diren erabakiak hartzen direla, hobe dugu etxean geratu eta osasuna zaindu.
Klubak aldi baterako erregulazioa aplikatzea erabaki zuen.
Bai, klubak lehenengotatik jo zuen horretara. Hasieran ez zirudien gaur egun hartu duen tamaina hartu behar zuenik, baina konturatu gara bizi dugun egoerak zelako zailtasunak eragin ditzakeen. Denok ulertu dugu klubaren egoera, eta, alde horretatik, eskutik helduta, norabide berean goaz.
Zer egiten duzu etxean orain arte lortutako formari eusteko?
Klubean plan bat bidali ziguten, forma ahalik eta gutxien galtzeko. Ahalegintzen naiz betetzen, goiz eta arratsaldez errutina bati jarraituta. Alde batetik, bizikletan edo zintan aritzen naiz, erritmoari dagozkion ariketak eginez. Bestetik, gimnasio ariketa batzuk egiten ditut. Horrez gainera, burua aktibatuta edukitzea ere inportantea da errutina horri eutsi ahal izateko.
Eta lehiaketara bueltatuz gero, zelan ekingo dio taldeak?
Lehiaketara itzuli behar badugu, hiru astean denboraldi-aurre antzeko bat egin behar dugula esan digute. Hasieran, ariketak osasuna ahalik eta gehien zaintzeko izango direla pentsatzen dut. Binaka eta distantzia batera eginez hasi, eta, apurka, jende gehiago eta distantzia motzagoetan lan egiten amaitu.
Zer gertatuko da zure kontratuagaz?
Aurten amaitzen zait, ekainaren 30ean. Dena airean dago, oraingoz.
Denboraldiagaz gustura gelditu zara?
Bai. Egia esan, gauzak ondo irten zaizkit aurten, eta oso gustura sentitu naiz taldean. Ligari, eta mailari ere, neurria hartu diet, eta denboraldi polita osatzen egon naiz.
Valentziaren aurkako eguna, ahaztezina.
Ez duzu egunero horrelako partidu bat jokatzeko aukerarik izaten. Lehen Mailako talde handi baten aurka jokatzea, eta, gainera, presiorik barik, Errege Kopa izanda, jai bat izan zen guretzat.
Zelan laburtuko zenuke klubean orain arte egindako ibilbidea?
Garapen prozesu bat izan da niretzat. Etxetik ez oso urruti egon arren, aldaketa kulturala dago. Lehenengo urtea izatera kanpoan, hasieran herrira eta taldera moldatzen aritu nintzen, eta hortik aurrera dena garatzen joan da. Taldekideek bide hori erraztu didate. Taldea, orokorrean, hobetzen doa.