[BIDEOA] Iluntze dantza taldeak ongizate publikoa babesten dutenei eskaini die jaietako urteroko Agurra

Ekaitz Herrera 2020ko api. 28a, 22:26

Aurtengo sanprudentzioetan ez denez urteko pertsonaiarik izendatu, Iluntze dantza taldeak lanean "jo eta ke" ari direnei, lanik egin ezinda eta galera ekonomikoak izaten ari direnei, eta ondotik joan diren auzotar guztiei eskaini die Agurra.

Abadiñoko Iluntze dantza taldeak urtero eskaini ohi dio Agurra urteko pertsonaiari. Traña-Matienako Donien Atxa ipintzen den momentuan egin ohi diote erreberentzia , herritar guztien aurrean, honek izendapena jaso berri duela. Aurten ez denez urteko pertsonaiarik izendatu, dantza taldeak honako hauei eskaini die urteroko Agurra: "herritarren osasuna zaintzearen alde jo eta ke lanean ari diren guztiei, elikagaiekin eta premiazko gaiekin hornitzen gaituzten baserritar, dendari eta beharginei, egoera ekonomiko latza sufritzen duten tabernari eta merkatariei, eta noski,... tamalez gure ondotik joan direnei".

Agurra dantzatu arren, baina, Iluntzeko kideek azaldu dute bideokoa "laster arte" bat dela. “Laster plazetan ikusiko dugu elkar. Eta elkarrekin egingo dugu dantza. Berriro. Baina ez Agurra . Agurra ez dugu dantzatuko. Egingo dugu binangoa, launangoa. Egingo dugu zortzinangoa. Eta denon artean egingo dugu berrehunangoa. Igoko ditugu arkuak. Goratuko ditugu ezpatak. Dantzatuko dugu sagar dantza, eta edango dugu sagardo trago bana. Sagardo bana. Eta bina sagardo. Eta Banangoa berriro, eta binangoa orain. Egoera zailei, aurre. Kontra. Eta dantzatuko dugu Kontrapasa. Pasatu dadin dena. Sagardo botilak jarri freskaten. Laster merezi dutenen alde egingo dugu irrintzi”, azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!