“Ez dut uste egoerarik egokiena denik oposaketa batzuk antolatzeko”

Igor Galarza 2020ko mar. 30a, 13:30

Ekainean izan arren, oposaketak ere baldintzatuta daude koronabirusari aurre egiteko hartu diren neurriak direla-eta. Hiru hilabeteren buruan, hezkuntzako lanpostu publikoak esleituko dira, konfinamendu egoerak atzerarazten ez badu. Ianire Zugazaga Abadiñon dabil konfinamendua igarotzen, etxean, eta itxaroten dago Lanbide Heziketako oposaketekin zer gertatuko den.

Eman dizuete gertatu daitekeenaren berri administrazioetatik?
Alarma egoera dela-eta, administrazioa ere geldi dago egunotan. Gaur egun ez dakigu zer gertatuko den oposaketekin. Martxoaren 18a zen azkenengo eguna izena emateko oposaketa horiek egiteko. Eta, orain, hori dena geldi dago.

Noiz zarete azterketa egitekoak?
Berez, hemendik hiru hilabete eskasera egin behar ditugu, ekainaren 20an. Baina epaimahaia apirilaren 3an aukeratu beharra dago, eta, jakina, ez dute aukeratuko. Orduan, ofizialki ez dakigu zer gertatuko den.

Dataren inguruan zenbait zurrumurru aireratu dira.
Bai. Niri kontatu didatenez, Espainiako Gobernuagaz berbetan dabiltza, estatuan zer egin erabakitzeko. Antza, erkidego batzuek 2021era edo 2022ra atzeratzea proposatu dute. Hori da niri heldu zaidana. Ziur dakidan bakarra da tramite guztiak geldirik daudela.

Abisua ahalbaitik arinen jasotzea komeniko litzaizueke.
Azkenean oposaketak atzeratzea erabakitzen badute, beste lasaitasun bat ematen dizu. Eta atzeratzen ez badira, behintzat jakitun zara eta beste patxada bategaz ikasi dezakegu. Nik, adibidez, sei hilabete daramatzat ikasten, 2019ko irailetik, hain zuzen ere.

Ikasteko orduak, egunak, moduak... Ezjakintasun eta konfinamendu egoerak asko baldintzatzen zaitu?
Bai, baina tira, ez dut uste egoerarik egokiena denik oposaketa batzuk antolatzeko. Administrazio aldetik lan handia eskatzen du, eta ekonomikoki ere esfortzu handia da. Horrez gainera, burua ez daukazu horretan pentsatzeko. Nik neuk ez behintzat. Ez dakit zer iritzi izango duten izena eman duten gainerakoek. Gainera, ni neu ez nago oso motibatuta. Eskertuko genuke, noski, atzeratuko den ala ez jakitea.

Beraz, uste duzu hobeto etorriko zaizuela azterketa atzeratzea?
Nire kasuan, momentu honetan, azterketa ez da nire lehentasuna. Eta esango nuke hobe litzatekeela ekainean ez egitea, denon onerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!