Abadiñoko zebrabideak argiztatzeko proiektua "integrala" izango da

Aritz Maldonado 2020ko mar. 6a, 13:08

Abadiñoko Udalak martxan jarritako prozesu parte hartzailean zebrabideak argiztatzeko proposamena izan zen bozkatuena. Matiena auzoko bi zebrabidetan egingo dituzte probak. "Nola margotu edo argitu behar diren ikusiko dugu bertan, herri osoan zehar modu integral batean egiteko hobekuntzak" azaldu du Mikel Garaizabal alkateak.

50.000 euroko diru partida dago aurrekontuetan ekimen honetarako. Hala ere, legegintzaldian zehar prozesu parte hartzailean jaso diren proposamenak egikaritzen saiatuko direla azaldu du Garaizabalek Ana Gomez zinegotziarekin batera eskainitako prentsaurrekoan.

Bi udal ordezkariak "oso pozik" agertu dira prozesuak izandako jarraipenarekin. "Abadiñoko 16 urtetik gorakoen %10ak parte hartu du, eta arrakastatsua da hori guretzako" azaldu du Gomezek. Proposamen bozkatuenen artean, Gaztanodiko haur parkearen konponketa,  pumptrack edo skatepark bat eraikitzea, eta Gazteluko udal lurretan bi hektarea landatzea daude. "Oso bozkatuak izan dira aukera horiek, eta aztertzen ari gara legegintzaldian zehar horiek ere egitea". Legegintzaldian zehar hamahiru proiektuak gauzatzeko asmoa agertu dute udal ordezkariek, esan bezala.

Prozesu berria prestatzen

Prozesu parte hartzailea iazko azaroan hasi zen, eta martxoan eman dute amaitutzat. Prentsaurrekoan esandakoaren arabera, datorren ikasturtean ere prozesu parte hartzailea jarriko dute martxan. "Guretzako garrantzitsua da herritarren iritzia jasotzea" azaldu du Gomezek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!