“Fisikoki ondo egoten laguntzeaz gain, Jiu Jitsuak oreka mental bat ere ematen dit”

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 6a, 11:30

Orain lau bat urte, Mikel Carracedok arte martzialen munduan murgiltzea erabaki zuen. Gaur egun maila bikainean dihardu, eta asteburuan urrezko domina bi eskuratu zituen Zamudion, ZR Basque Country taldeagaz.

Urrezko domina bi lortu dituzu. Itxarondako emaitza izan da?
Aurkarien maila ikusita, eta ni zelan nengoen jakinda, dominen borrokan ibiltzeko esperantzagaz joan nintzen. Baina kirol honetan detaile txiki batek dena markatzen dizu, eta posizio txar batean dena galdu dezakezu.

Jiu Jitsu eta no-gi modalitateetan parte hartu zenuen. Gainera, lehenengoan, aurkaria minutu batean menderatu zenuen.
Egia esan, nahiko erraz menderatu ahal izan nuen, eta ez zen zorte  kontua izan. Hasi eta berehala, lurrera jausi ginen, eta nahiko bizkor lortu nuen bera itotzea.

Zeintzuk dira Mikel Carracedoren hurrengo helburuak?
Gimnasioan gauden denon helburu nagusia Durangaldean Jiu Jitsua ezagutaraztea da. Oso giro ona daukagu, giro euskalduna. Gainera, kirol honetan adin guztietako jendeak du tokia. Lehiari dagokionez, maiatzean jokatuko den Euskadiko Txapelketan lan ona egitea gura nuke.

Nahiko nagusi hasi zinen kirol honetan. Zerk eraman zituen horretara?
Borrokak beti gustatu izan zaizkit, eta azken urteotan MMA-k izan duen gorakadagaz, Jiu Jitsuak ere gora egin du munduan. MMA-n gaztetatik ibili behar duzu, baina ez dago adinik kirol horren oinarri nagusia den Jiu Jitsuan hasteko. Gainera, uste dut borrokarako erabili daitekeen arte martzialik onena dela. Orduan, 22 urtegaz probatzea erabaki nuen, eta ordutik hona kirol hau praktikatzen nabil.

Jiu Jitsuak zer ematen dizu?
Fisikoki ondo egoten laguntzeaz gainera, oreka mental bat ere ematen dit, eta baita konfiantza ere nire buruarengan. Gainera, honek erakusten dit bizitza errealean ere edozein egoera txarretatik urten zaitezkeela, arnasa baduzu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!