Robotika ez zen zure lehenengo aukera izan.
Berandu hasi nintzen ikasketa mota hauekin. Hemeretzi urte nituela Madrilera joan nintzen, fisioterapia ikastera. Han ikusi nuen ez zela niri gustatzen zitzadan arloa.
Noiz piztu zitzaizun robotikaren grina?
Madrildik bueltan, hemengo enpresa batean sartu nintzen lanean, makinekin. Hor sartu zitzaidan gogoa jakiteko zelan funtzionatzen duten makinek eta horiek zelan konpontzen diren.
Badute ezertan antzik fisioterapiak eta robotikak?
Beldur nintzen, fisioterapiaren mundutik robotikakora alde handia dago eta. Baina, egia esan, robotikan erronka batzuk bilatu eta horien erantzunak aurkitu behar dituzu, fisioterapian lez. Baina ez dute beste parekotasunik.
Zerk lotzen zaitu robotikaren mundura?
Nire gaitasunetariko bat jakin-mina dela esango nuke. Zer ikasi gura nuen bilatzen hasi nintzen, niretzat bizitza ikastea da eta. Eta robotikaren mundua aurkitu nuen.
Eta ikasketak zirela-eta, Crackoviara (Polonia) joan zinen. Zein eginkizun zeneukan hango enpresan?
Enpresak autoen sistema elektronikoak egiten ditu. Gidatze autonomoa ahalbidetzeko behar diren kameren eta softwareen garapena lantzen du, hain zuzen ere. Ni mantentze-teknikaria nintzen. Enpresaren 30 urteetan, kargu horretan izan den lehenengo emakumea izan nintzen. Enpresako emakumerik gehienak idazkariak ziren. Laborategian bazeuden beste emakume bi ere, baina azaleko kontuak egiten zituzten. Neu izan nahiz lehenengoa makinak ukitzen eta horiekin zuzenean lan egiten.
Zelan erreakzionatu zenuen hori jakitean?
Umorez hartu nuen. Polonian ibili nintzen enpresan arraroa zen emakume bat gizonen lana egiten ikustea. Behin mahai bat mugitu gura nuen, eta hainbat gizonek ez mugitzeko esan zidaten. Haien iritzian, emakumeek ez dute karga fisikorik hartu behar.
Hortik aurrera, egon zen berdintasunerako joerarik?
Denboragaz gauzak normaltasunera heldu ziren. Nire ikuskariari esan zioten gizon bi behar zituztela, behar batzuk zirela-eta. Nire ikuskariak esan zien: “Nire emakumeak zuen gizon biek adina egiten du” (barrez).
Egin zenuen garrantzi handiko lanik han?
Euskal Herrira itzuli aurretik, enpresa proiektu garrantzitsu batean murgilduta zegoen, eta tokatzen ez zitzaidan funtzioa egin nuen: proiekturako robot egokiak erosi zituzten ala ez aztertzea. Horren harira, goi-karguko ingeniari bat ere etorri zen nigaz berba egitera.
Mantentze-lanak baino gauza gehiago egiten zenituen, beraz.
Deneriko lanak egin nituen. Soldadura kontuetan gutxi banekien, adibidez, norbaiti ikasteko eskatu eta arratsalde osoa ematen nuen beragaz soldadura lanak egiten. Nigaz zegoenak zorrotz aztertzen zuen nire lana. Enpresa egokia zen niretzat, oso ona lan egiteko, eta are hobea ikasteko. Talde lanean aritzen ziren; hemen ez gaude ohituta hori ikustera.
Denerako denbora ematen al zizun?
Hilabeteko lana astebetean amaitzen nuen sarri, behin zerbaitegaz hasiz gero ezin dut amaitu barik utzi eta. Beraz, sobran nuen denbora beste departamentuetan aritzeko aprobetxatzen nuen. Orduan, enpresatik ibiltzen nintzen, soinu proba batzuk edo autoak nola fabrikatzen zituzten ikusten.
Baduzu aukerarik etorkizunean enpresara bueltatzeko?
Nire ikuskari ofiziala zenak esan zidan nagusiak bazuela ni kontratatzeko nahia. Gaur egun, badut hartu-emana enpresagaz, eta bitartekari lanak egiten ditut haien eta orain lanean nabilen enpresaren artean.