Zertan datza Biocruces Bizkaian garatzen ari zareten plataforma?
Biocruces Bizkaian garatzen ari garen plataforma pazienteekin entsegu klinikoak egiteko espazio bat da.
Zein gaixotasun duten pazienteei zuzenduta dago?
Nire arloa neuroerrehabilitazioa da eta gaixotasun neurologikoak dituzten gaixoei zuzenduta dago. Adibidez, muineko lesioa, iktusa, umeek ibiltzeko duten ezgaitasuna... baina traumatologian eta onkologian hainbat entsegu kliniko garatzen ari dira.
Plataforma honek zein eragin du pazienteen errehabilitazioan?
Plataforma honek oinarrizko ikerketa gure eguneroko lan klinikora hurbiltzen du. Honela, emaitzen arabera, lan protokolo berriak garatu ditzakegu tratamenduen kalitatea eta eraginkortasuna hobetuz.
Zein fasetan dago plataforma hau?
Neuroerrehabilitazioan, proiekturik gehienak hasierako fasean daude. Neuroerrehabilitazioaren barruan lau proiektu daude eta entsegu kliniko bakoitza fase desberdinean dago. Oinez ibiltzeko laguntzen duten exoeskeletoen entsegu klinikoak hasita daude pertsona helduekin, eta umeen kasuan garapen prozesuan daude.
Joan zen astean eman zenuten prentsaurrekoan, exoeskeletoa aurkeztu zenuten. Zelakoa da?
Exoeskeleto bi ditugu. Bata Lokomat deitzen da. Pertsonen pisuaren sostengua ahalbidetuz, pazienteak duen aktibazio mailara egokitzen da. Era berean, zinta batean mugitzen da. Osagarri legez, ordenagailu batean intentsitate ezberdinetako ariketak egiten ditu jokoen bitartez. Bestea Hank deitzen da. Pazienteak enborraren kontrola izan behar du, eta, hortik aurrera, zintatik kanpoko espazioan mugitu daiteke.
Robotikak zelan lagundu dezake tratamenduak eraginkorragoak izateko?
Robotikak errehabilitazioko tratamenduari intentsitatea ematen laguntzen digu. Ikerketek diotenez, tratamendu intentso eta goiztiarrekin emaitza hobeak eta azkarragoak lortu daitezke.
Zer sentsazio dute plataforma horretan tratamendua jaso duten pazienteek?
Pazienteak motibatuta daude ikerketan parte hartzeko, exoeskeletoekin oso fase goiztiar batean oinez ibiltzeko gaitasuna lantzen dutelako. Psikologikoki ere eragin positiboa du.
Errealitate birtuala eta robotika lotzen dituen proiektu bat duzue.
Badugu goiko gorputz adarrerako eginda dagoen robota ere, Exotec deitzen dena. Errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz, robotean joko funtzionalak diseinatu dituzte, eta besora egokitzen den exoeskeletoak iktusaren ondorioz mugitzeko zailtasunak dituen besoa mugitzen laguntzen du. Proiektu hau prototipo bat da eta ohiko tratamenduagaz alderatuz hobekuntza nabariagoa izan daitekeela erakustea da helburua.