“Lasterketa gutxi daudenez, munduko onenen alboan lehiatzea ahalbidetzen du”

Igor Galarza 2020ko ots. 22a, 11:00

Joan zen asteburuan, Gartzen Elejabarrieta abadiñarrak hirugarren postuan amaitu zuen mendiko eskiko Euskal Herriko Txapelketan. Elejabarrietak gutxi lehiatu du modalitatean, baina betiko afizioa du. Bestalde, Aitor Ajuria otxandiarrak garaipena eskuratu zuen promesa mailan.

Gustura lehiaketan egindakoagaz?
Ibilbide teknikoa eta luzea zen. Lehiakideok gogotik sufritu genuen. Lasterketa ona egin nuen, nahiz eta akatsekin denbora galtzen dudan, baina ikasten nabil. Gustura geratu nintzen, ez neukan gehiago emateko.

Zenbat denbora daramazu eskian lehiatzen?
Oso denbora gutxi, hile batzuk baino ez. Iaz, asteburu batean baino ez nintzen lehiatu, probatzeko asmoz.

Zerk eragin zizun lehiatzeko gogoa?
Txikitatik nabil eskiatzen, baina mendiko eskia lagunen bitartez ezagutu dut. Menditik arinago eta ibilbide luzeagoak egiteko modu horrek eragin dit. Lasterketetako materialak beste askatasun bat ematen du. Gainera, motibazioa hazten joan da, eta geroago eta jende gehiago ezagutu dut kirol honetan, buru-belarri sartuta dagoena, Euskal Herriko selekzioari eskerrak gehienbat.

Zelako giroa dago lasterketetan?
Nahiko kirol txikia da, baina horrek familiartekoago bihurtzen du. Lasterketa amaitu eta sabela betetzen dugun bitartean, karrerako gorabeherei buruz aritzen gara berbetan. Lasterketa gutxi daudenez, munduko onenen alboan lehiatzea ahalbidetzen du.

Txirrindularitzan aritu zinen. Zein antzekotasun dute kirol biek?
Eskia kirol bategaz erlazionatu behar bada, txirrindularitzagaz da, eta prestaketetan oso presente egoten da. Txirrindularitza taktikoagoa da; eskia, ostera, teknikoagoa.

Zein da zure hurrengo erronka?
Elur faltak Nafarroan jokatu behar ziren binakako lasterketak atzeratzea ekarri du. Beraz, Espainiako Txapelketa da orain nire helburu nagusia, hilabete barru.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!