Durangaldeko hiru gaztek Munduko Sokatira Txapelketan parte hartuko dute

Joseba Derteano 2020ko ots. 18a, 10:00

Otsailaren 20tik 23ra bitartean, Munduko Sokatira Txapelketa jokatuko da Irlandan, eta Durangaldeko hiru tiralari gazte hantxe izango dira: Oier Mendizabal (Abadiño, 2001), Martxel Azkorbebeitia (Abadiño, 2004) eta Xabier Irazola (Durango, 2000).

Hirurak Abadiño Sokatira Taldeko kideak dira eta Euskadiko 23 urtez azpiko selekzioagaz arituko dira Irlandan. Hirurentzat lehenengo esperientzia izango da munduko txapelketa batean.

Abadiño Sokatira Taldea eraberritze prozesu batean murgilduta dago azkenaldian. Goma gaineko modalitatean aro bat markatu zuten tiralariak erretiratzen joan dira apurka-apurka, eta belaunaldi berriagaz lanean dabiltza gaur egun. Hiru gazteak belaunaldi berri horren isla dira. Orain hiru-lau hilabete hasi ziren sokatiran. Abadiñoko Sokatira Taldean aritutako Edu Mendizabalen, Iker Azkorbebeitiaren eta Lorenzo Irazolaren semeak dira. "Aitak esan zidan jende faltan zebiltzala eta ea animatuko ginen, eta ea gure ingurukoei ere galdetuko genien. Probatzea erabaki genuen eta gaur egun oso gustura gabiltza", azaldu du Oier Mendizabalek.

Gazteen taldean hasi, eta apurka nagusiekin ere esperientzia hartu dute. Gorakada hori ez da oharkabean igaro eta Euskadiko Selekzioaren deia da horren adibidea. "Sekula ere ez gara munduko txapelketa batean egon. Ilusio handia egiten digu eta esperientzia polita izatea itxaroten dugu", dio Mendizabalek.

Kirol "gogorra, baina polita"
Hasieran uste zuen baino "kirol gogorragoa" iruditzen zaio sokatira Mendizabal gazteari. "Hasieran, beste sokatira taldeetako  gazteen kontra aritzen ginen eta eramangarriagoa zen, baina nagusiekin hasi garenetik, gogorragoa da. Baina, aldi berean, erronka polita ere bada", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!