“Munduko txapelketan proba olinpiko batean aritzea amets bat betetzea litzateke”

Anboto 2020ko urt. 31a, 11:00

Asteburuan pistako Munduko Kopa jokatu da Kanadan. Bertan, Illart Zuazubiskar abadiñarrak 14. postua lortu du madisonean, eta 16. postua omniumean.

Zelan joan dira Munduko Kopako probak? Pozik zaude lortutako emaitzekin?
Omniumean gehiago merezi nuela uste dugu, bai hautatzaileak eta baita neuk ere, lehenengo hamarren barruan egoteko moduan nengoen eta. Omniumeko lehenengo proban, scratchean, oso ondo sentitu nintzen, indartsu, eta postua ez zen gura besteko ona izan. Tempon neuk egin nuen huts. Garapen handia ipini nion bizikletari eta ez nintzen gai izan hori ondo mugitzeko. Kanporaketan gustura aritu nintzen, eta puntuaketan dena eman eta sailkapenean aurrera egitea zen asmoa. Lasterketa erdirako, sailkapen orokorrean lehenengo hamarren artean jarri nintzen, baina azken unean lasterketan hartutako erabaki oker baten ondorioz, 16. amaitu nuen.

Hurrengo egunean 14. amaitu zenuen madisonean, Oscar Pelegri bikotekideagaz.
Oso-oso arin irten genuen arren, indartsu ikusten nuen neure burua, eta zerbait txukuna egin genezakeela uste nuen. Baina nire bikotekideak ez zuen bere egunik onena izan. 170 itzuliren faltan Oskar txarto pasatzen hasi zen eta gure helburua gauzak ahalik eta ondoen egin eta berak ahalik eta gutxien sufritzea izan zen.

Aste bi barru Espainiako Kopako bigarren jardunaldia jokatuko da, Madrilen. Momentu honetan lider zaude. Han ikusiko zaitugu?
Bai, han izango gara. Espainiako Kopan lider nagoen arren, hemendik hilabetera jokatuko den Munduko Txapelketa izango dugu helburu nagusi, eta, beraz, Espainiako Kopa ez da lehentasuna izango. Hala ere, lepoan dortsala ipintzen dugunean dena ematera irteten dugu, eta, posible bada, irabaztera, jakina.

Beraz, argi dago Illart Zuazubiskarren urteko helburu nagusia Berlinen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzea dena.
Horixe bera. Munduko Txapelketan omniuma egiteko aukera izango dudala ematen du, eta, horrela bada, gauzak ondo egiten eta daukagun dana ematen ahaleginduko gara. Munduko txapelketan proba olinpiko batean aritzea amets bat betetzea litzateke. Uste dut momentu honetan ezin daitekeela gauza gehiagorik eskatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!