Dena prest asteleheneko San Blas egunerako

Anboto 2020ko urt. 31a, 13:46

Datorren astelehenean, otsailaren 3an, Abadiñora jendetza ekarriko duen San Blas azoka aurkeztu dute gaur Abadiñoko Udalean. Aurkezpenean Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak eta Javier Crespo alkateordeak parte hartu dute. Lehenengoz, doako autobus zerbitzua jarriko du Abadiñoko Udalak. 

Aurten eszenatoki eraberritu batean egingo dute San Blas azoka. Udalak 2019ko udaberri inguruan hasi zituen Ferialekua eraberritzeko lanak. Lanak amaitzeko azken ukituak falta diren arren, azokako azpiegitura hartzeko prest egongo da herria. Gaur eguerdian udaletxean egindako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, 250 abelburu, baserriko produktuen 94 saltoki, baserriko tresnen 16, aritsautza produktuen 26 eta erroskilen 21 egongo dira. "San Blas azoka Euskadiko azoka ederrenetako bat da bere baserriko produktu eta abelburuen kalita eta ugaritasunagatik. Horregatik jendeari dei egiten diegu asteleheneko azokara etor daitezan", esan du Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak. Javier Crespo alkateordeak, berriz, herrira bertaratzen diren guztaiei "San Blas egunaz gozatzeko" eta "ingurua errespetatzeko" eskatu die. Horrez gain, inungo erasorik ez dutela onartuko azpimarratu du. 

San Blas eguneko egitaraugaz jarraituz, 12:00etan, Urrezko Aizkorako herri kirol erakustaldia egongo da. "Herri kirol munduko kirolari onenak batuko ditu", esan du alkateak. Arratsaldean, berriz,  idi probak izango dira. San Blas egunetik otsailaren 10era bitartean, egongo dira ikusgai idi-probak. Guztira, 15 idi-pare ariko dira. 

Lehenengoz autobus zerbitzua
Azokarako sarbidea erraztu asmoz, Abadiñoko Udalak lehenengoz autobus zerbitzua jarriko du martxan. 9:00etatik 15:00ak bitartean, herritarrak Matienatik Zelaietara eramango dituzte, doan. Autobusa Matienako eta Zelaietako eskoletako ohiko geralekuetan hartu ahal izango dira. 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!