"Sexualitatea bera tabua da gizartean, eta hori handitu egiten da aniztasun funtzionala duten herritarrengan”

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 21a, 09:00

Gorabide elkarteak duen sexologoa da Javier Bengoa abadiñarra. Psikologoa zen hasieran, baina elkarteko erabiltzaileek sexuarekiko agertzen zuten interesa zela-eta, sexologia masterra egin zuen orain lau urte. Elkarteak Bizkaian dituen egoitzetan lan egiten du, baita Abadiñoko Atxarte egoitzan ere.

Aniztasun funtzionala eta sexualitatea. Tabu bi bata bestearen gainean?
Bai. Sexualitatea bera tabua da gizartean, eta tabu hori areagotu egiten da aniztasun funtzionala duten herritarrengan. Mito asko dago. Esaten da hipersexualak direla, edo, alderantziz, sexualitaterik ez dutela. Uste da ezin dutela seme-alabarik eduki, ezin direla guraso izan, guztiak heterosexualak direla,... oraindino hor segitzen dugu. Gaiari ez diogu behar den moduan erantzuten jakin.

Zelan hasi zineten Gorabideren zerbitzuen artean sexualitatea txertatzen?
2012an hasi genuen sexualitateari lotutako proiektua. Pentsa, aniztasun funtzionalaren eremuan sexualitatea hain kontzeptu berritzailea izatera, proiektua ikerketari eta garapenari lotutako atalean sartu zen. Gorabideko guraso, tutore eta profesionalak sexualitatearen gaiari erantzun bat emateko beharrizanaz hurbildu izan zaizkigu sarri. Ikusi genuen abiapuntu modura zerbait txikia esku artean hartzea egokia zela. Kasuistika indibidualetatik hasi ginen gaia lantzen, gero hortik bidea zabaltzen joateko. Zazpi bat proiektu aukeratu eta begirale edo konfiantzako pertsona bat esleitu genion bakoitzari. Erabiltzaileek sexualitatearen arloan zituzten nahiak lantzeari ekin genion horrela.

Zein tresnagaz lantzen duzue sexualitatea erabiltzaileekin?
Erreminta batzuk ipini ditugu begiraleen esku, gero haiek erabiltzaileekin landu ditzaten. Sexologiari lotutako askotariko gaiak planteatzen ditugu, ilustrazioen eta galdera errazen bitartez. Adibidez, honakoa galdetzen dugu: zelako garrantzia du zuretzat besarkadak jasotzeak? 'Handia', 'txikia' ala 'ezer ez' erantzuteko posibilitatea ematen diegu erabiltzaileei. Besarkadena adibide bat baino ez da, baina antzera bateko beste galdera asko planteatzen ditugu plazerari buruz, bikoteari buruz edo seme-alabak izateko ideiei buruz. Bakoitzaren galdetegitik irteten diren emaitzekin erabiltzaile bakoitzagaz landu beharreko helburuak markatzen joan izan gara. Horiek koordinatzen aritu naiz, begiraleekin batera.

Erabiltzaileekin egindako lehenengo pauso horietatik hona, sumatu duzue eboluziorik?
Interesa piztu zaie. Jakin-min gehiago dute eta galderak egiten hasi zaizkigu. Kasu indibidual batzuetan, gainera, aholkularitza sexologiko sakonagoa eskaini behar izan dugu. Ez terapia bat, baina bai horren gertuko zerbait. Ondorioz, hiru mailatako zerbitzua eskaintzen dugu dagoeneko: proiektu indibidualak, etxeetan haien kabuz bizi diren erabiltzaileei zuzendutako heziketa sexuala, eta nigaz aurrez aurre lantzeko saioak. Gutxi gorabehera, azken urte bietan 25 bat lagun ibili dira proiektu indibidualetan, 200 bat heziketa sexualeko proiektuetan eta beste 30 bat nigana etorri dira aholku eske. Gauza handia da haien zalantza eta grinei erantzun bat eman ahal izatea. Bikote asko ikusten ditut eta, horretaz gainera, Gorabide barruko LGTB talde bati ere laguntzen diogu.

Badago desberdintasunik erabiltzailearen aniztasun funtzionala azalekoagoa ala sakonagoa izan?
Haien gorputza ezagutzeko beharrak, plazerak, ertz asko ditu. Besarkadak, laztanak, dutxan egotea, biluzik egotea,... horrelako gauzekin euren burua ezagutzen doaz. Aniztasun funtzionalik sakonena duten pertsonengan, ostera, kontuan hartu behar da euretariko askok bizi osoan zehar pixoihala izan dutela ipinita, eta biluzik egoteko zein gorputz-atalak ukitzeko aukerarik ere ez dutela izan.

Atxarteko egoitza honetan, zelan lantzen dira sexualitateari lotutako proiektuak?
Bikote bat dugu hemen. Ez dira elkarregaz bizi, baina erraztasunak ematen dizkiegu elkarregaz egon daitezen, berdin gela batean, hala gura badute. Landu beharreko zerbait da. Bestalde, Zentzumenen plazera deitzen den tailerra ere eskaini izan dugu. Gortina beltzez inguratutako leku lasai bat da, funtsean. Plazera lantzen dute, usaimenaren bitartez, masajeen bitartez, kremekin igurtziak eginda. Gorputza ezagutzeaz gainera, plazeragaz esperimentatzeko aukera ematen diete. Erdigunean genitalak ipini beharrean, sentsualitatea, azala, ukimena... ipintzen dira. Astero erabiltzen dute. Gurasoetariko batzuk esker oneko daude. Eskertuta agertzen dira honelako gaiak lantzen ditugula ikustean. Honetarako garaia bazela dioskue.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!