“60 urte ditut eta 60 maratoi amaitu ditut; aurrerantzean, maratoien zenbakia urteena baino handiagoa izatea dut helburu”

Joseba Derteano 2020ko urt. 19a, 10:00

Jon Urienek (Abadiño, 1959) 60 maratoi amaitu ditu azken 20 bat urteetan.  Eta ez dio gezurrik. Bere ibilbideko lasterketa eta entrenamendu guzti-guztiei buruzko oinarrizko informazioa (non, noiz, egindako denborak…) mimoz gordetako koaderno bilduma batean jasota ditu. Sarritan sentipenak ere gehitzen dizkio informazio teknikoari. Bilduma zabala da, baina ez dago amaituta. Oraindino kapituluren bat edo beste geratzen zaio betetzeko…

 

60 maratoi, alajaina! Ez da egunero betetzen den marka.
Ba, ez. Berez 61 maratoi amaitu ditut, baina bat ez dut nire estatistiketan sartzen; maratoien munduan murgildu baino sei bat urte lehenago egin nuen bat, 32 bat urte nituela, hain zuzen ere. Parranda baten ostean izan zen. Orduan, euskal txirrindulariek Txitxarro Igoeragaz eta osteko jaiagaz amaitzen zuten denboraldia, eta han nengoen neu ere. Jose Luis Gangoitia eta biok berotu egin ginen eta biharamunean Donostiako maratoian parte hartzea erabaki genuen. Munduko kopako proba zen. Amaitu genuen maratoia, eta itxuran ibili ginen, baina, tira, oraindino ez nuen maratoiak egiteko ideia hori buruan.   

Noiz egin zenuen, bada, zure lehenengoa zure estatistiken arabera?
38 urte nituela. Maratoi erdiak egiten nituen orduan. New Yorkeko maratoia egin gura nuen. Eta izena eman nuen parte hartzeko. Baina errespetua eragiten zidan. Sekula ere maratoi bat egin barik… Beraz, proba moduan, New Yorkera joan aurretik, Madrilgo maratoia egin nuen. Oso ondo irten zitzaidan. Ondoren, New Yorkekoa egin nuen, eta urte berean baita Donostiakoa ere. Aurretik maratoi bat bera ere egin barik egotetik, urtebetean hiru amaitzera pasatu nintzen.

Zelan joan zen New Yorkeko maratoi hura?
Ez oso ondo. Fisikoki ondo prestatu nintzen, baina digestio arazoak izan nituen 25. kilometroan. Zuri-zuri heldu nintzen helmugara. Esnea gosaldu nuen eta ez da komenigarria, korrika zabiltzala esnea galdu egiten delako. Orduan nik ez nekien horrelakorik.

Itzuli zara mendekua hartzera?
Bai, beste birritan ere egin dut New Yorkekoa. Azkena, Txaro Barturen emazteagaz.

Emazteak ere maratoiak egiten ditu?
Bai, hamar bat egingo zituen. 2010ean, Zurichen nire lehenengo Ironmana egin nuen, eta helmugan, nik atseden apur bat hartu eta gero, esan zidan: "Maratoiak egiten hasiko naiz".  "Zer diozu?", erantzun nion. Korrika ibiltzen zen nigaz, baina ez askorik. Apurka-apurka hasi zen, eta zortzi hilabeteko entrenamenduaren ostean Bartzelonako maratoia amaitu zuen.

Amaitutako denetatik, zein da oroitzapenik onenak eragiten dizkizun maratoia?
Bi aipatuko nituzke. Batetik, New Yorkeko bigarren maratoia. Lehenengoan zelan ibili nintzen kontuan hartuta, bigarrenean gozatu egin nuen. Bestetik, Atenaseko maratoia. Betidanik izan dut buruan maratoi hori egitea. Joateko eta joateko, baina beti suertatzen zen beste zerbait. Azkenean, iaz bete nuen ametsa. Lasterketa historikoa da. Beharbada ez da onena edo politena, baina estadio olinpikoan sartzea eta azken metroak han egitea berezia da. Estadiora sartzera nindoanean, oilo-ipurdia jarri zitzaidala gogoratzen dut.

Zein da maratoietan egin duzun denborarik onena?
2.34.45, Donostiako maratoi batean. Neure kontura ibili naizen maratoiak kontuan hartuta, birritan bakarrik egin dut hiru ordutik gora. Sevillako iazko maratoia da euretariko bat. Pena izan zen, niretzat mugarri bat ipiniko zuen maratoia zelako. Sevillakoa hiru ordutik jaisten nintzen azkenengo maratoia izatea gura nuen, baina koadrizeps muskuluan ziztada bat sentitu nuen eta erretiratu egin nintzen. Kontua da Lanzaroteko Ironmanerako izena emanda nengoela, eta ez nuen proba hura konprometitu gura. Pena izan zen.

Beraz, New Yorkekoan antzera, horretan ere kitatu beharreko zor bat geratzen zaizu?
Ez, ez da beste aukerarik egongo. Orain urte eta erdi, bainuontzian jausi eta belauna txikitu nuen eta ez dut belauna maila horretan estutu gura. Arazoa ez da maratoi bat hiru ordutik behera egitea, horretarako aurretik egin beharreko prestakuntza guztia baino. Pena itzela eman zidan Sevillan gertatutakoak, baina zer egingo diogu ba!

Zein da gehienetan egin duzun maratoia?
Donostiakoa, zazpi-zortzi bider egingo nuen. Sevillakoa lau-bostetan egingo nuen. Behobia-Donostia maratoi erdia 20 urte jarraian ere egin dut.

Badago zure zerrenda luzera gehitu gura zenukeen beste maratoirik?
Ba, ez. Egin gura nituen guztiak eginda ditut dagoeneko.

60 maratoiko kopurura helduta, zein da hurrengo mugarria?
Belauna eta adina kontuan hartuta, mugarria beti da hurrengo maratoia. Maratoiak egiten jarraitzeko asmoa dut, nire buruan ez dago uztea. 60 urte ditut eta 60 maratoi amaitu ditut. Aurrerantzean, maratoien zenbakia urteena baino handiagoa izatea dut helburu. 61 urte egingo ditut ekainean, eta, beraz, 2020a 62 maratoigaz amaitu gura nuke. Otsailean Sevillakoa egiten badut eta udazken inguruan beste bat…

Zure ibilbidean, maratoiez gainera, askotaritako probak egin dituzu: maratoi erdia, triatloiak, Ironman erdiak eta baita Ironmanen munduko txapelketa ere, Konan.
Bai, Konakoa 2015ean izan zen. Ez zen gura nuen moduan irten, alergia kontu bategatik. Gogoan dut aurreko egunetan egindako entrenamenduetan oso ondo sentitzen nintzela: "Nire adin tarteko guztiei irabazi behar diet", pentsatu nuen. Gogotsu nengoen. Baina probaren egunean bertan eragin zidan alergiak. Ezin izan nintzen nire erritmoan ibili. Hala ere, amaitu egin nuen. Behin hara joanda eta hainbeste prestatuta, gutxienez amaitu beharra zegoen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!