Txapelketa berdindua izan zen?
Bai, oso berdindua. Lehenengo lau partidetan hiru irabazi eta atseden bat hartu ostean, bosgarrenean Aitor Agirreren kontra galdu nuen eta bera jarri zen lider. Baina azken txandan nik irabazi, berak berdindu eta hiru xakelari berdinduta geratu ginen lehenengo tokian. Nik neukanez desenpaterik onena, azkenean neu geratu nintzen txapeldun.
Irabaztea itxaroten zenuen?
Ez, ez nuen irabaztea espero. Presiorik gabe joan nintzen, eta horrek lagundu egin zidala uste dut.
Lehenengoz jokatuko duzu Maila Gorenean?
Bai, lehenengoz eta hemendik aurrera ere bai. Banakako mailak norberaren garapenaren isla dira, zelanbait esanda. Taldeka lehiatzerakoan desberdina da, mailaz igo edo jaitsi zaitezke.
Lorpen honegaz, zer helburu duzu aurrera begira?
Ez dut helburu kontreturik. Orain arteko moduan, aurrerantzean ere ondo pasatzea eta ahalik eta ondoen jokatzea izango dut helburu.
Eta klub moduan, Larrasoloetan zer helburu dituzue aurrera begira?
Aurten zuzendaritza berria dugu eta klubari bultzakada bat eman gura diogu. Aurrera begira dugun proiektu garrantzitsu bat ume eta gazteei begirako talde bat sortzea da, xake eskola moduko bat. Izan ere, hainbat urte eman ditugu gazte berririk gabe. Orain proiektua diseinatzen ari gara, eta ahalik eta lasterren martxan jartzea da gure asmoa. Gazteak xakera engantxatu daitezen gura dugu. Azken batean, etorkizunean kluba osatuko dutenak gaur egungo gazteak dira, eta harrobia landu gura dugu. Informazio gehiago www.durangoxake.es/eu orrian aurkitu daiteke.