Abadiñon Berdintasun Kontseilua eratu dute

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 18a, 15:08

EH Bilduk egindako eskariari erantzunez, joan zen legegintzaldian Berdintasun Kontseilua eratzeko lanean hasi ziren Abadiñon, eta ordenantza sortu zuten. Atzoko osoko bilkuran aho batez onartu zuten kontseilua eratzea. 

Zinegotziekin, emakumeen elkarteetako kideekin eta auzoetako emakumeekin osatuta egongo den kontseiluak, herritarrei udal erabakietan parte hartzeko aukera ematea du helburu. "Pozik gaude, azkenean hau  martxan jarri delako, berdintasuna helburu duten elkarteek zein norbanakoek parte-hartze zuzena izango dutelako", adierazi zuen atzoko osoko bilkuran Meritxel Etxagibel EH Bilduko zinegotziak. Hala ere, sortuta dauden kontseiluak lehen bait lehen martxan jarri eta sortzeko daudenak ahalik eta arinen sortzeko adierazi zuen Etxagibelek. "Kontseiluek arlo ezberdinetan elkarte eta herritarren parte-hartze zuzena ahalbidetzen dute, eta behar beharrezkoak dira. Beraz, kontseiluak martxan jartzea, eta sortuta ez dauden arloetan sortzea eskatzen dugu", esan zuen oposizioko kideak. 

Bestalde, Rosa Miguel berdintasun arloko zinegotziak kontseiluak izaera "aholku-emaile eta informatiboa" duela nabarmendu zuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!