Asteburuan emaitza ona lortu zenuten eta, gainera, gola sartu zenuen. Zelan sentitzen zara?
Egia esan, oso pozik. Txapelketan hurrengo faserako sailkapena lortu dugu eta horixe da garrantzitsuena. Gainera, sartu genituen gol bietatik bat nirea izatea ohore bat da.
Zuretzat zer suposatzen du Euskal Selekzioagaz halako txapelketa garrantzitsu bat jokatzeak?
Poztasun eta ilusio handia. Azkenean, Euskal Selekzioaren deia jasotzea ondo nabilenaren seinale dela uste dut.
Zer giro dago taldearen barruan?
Oso giro ona. Denbora gutxian harreman estuak egiten dira, familia txiki bat sortuz. Eguneroko elkarbizitzak, gainera, harremanak sortzea eragiten du. Lehenengo egunean aldageletara bakarrik sartzetik Madrilen egunero dena elkarregaz egitera pasatzeak aldaketa handia suposatzen du elkarrenganako harremanean.
Selekzioan bazaude, seinale denboraldi ona daramazula. Zelan hasi duzu urtea?
Denboraldi hasieran hobeto ibili izanaren sentsazioa daukat eta taldea ere halaxe ibili zela uste dut. Etxean oso ondo hasi ginen, baina etxetik kanpora ez genituen itxarondako emaitzak lortu. Momentu honetan, badirudi dinamika txar batean sartuta gaudela, baina talde polita eta lehiakorra dugula uste dut eta esperantza handia daukat honi buelta emateko gai izango garela. Nik behintzat dena jarriko dut neure aldetik.
Zer esperantza duzue txapelketan?
Oso talde ona dugu, eta urrun ailegatzea gustatuko litzaidake, zelan ez. Batetik, talde moduan Euskal Selekzioa hurrengo faseetara sailkatu barik egon delako hainbat urtean, eta pasatzeak esperientzia polita eta aberatsa suposatzen duelako. Bestalde, arlo pertsonalean, jokatuz gero eta taldea urrun ailegatuz gero, pozik eta harro sentitzeko aukera mundiala izango litzateke.