Abadiñoko ziklo-kros probarako Muntsaratz eta Zelaietan "gune batzuen habilitazioa eta seinalizazioa" antolatzeko eskatu du EH Bilduk

Anboto 2019ko aza. 28a, 10:18

Argazkia: Laura Diez

Alderdi independentistak zapatuko proba dela eta "arazoak" egon daitezkeela aurreikusten du. Eguaztenean egindako kirol batzordean proposamena luzatu du. 

"Muntsaratz, Amandrasoro eta dorretxe inguruko aparkalekuak erreserbatuta daude, eta Zelaietako obrak direla eta ferialekuko eta jubilatuen inguruko hainbat aparkaleku ezin dira erabili. Hori dela eta, arazoak aurreikusten ditugu" adierazi dute ohar baten bidez. "Uste dugu hobe dela zapaturako behin behineko guneak antolatu eta seinalizatzea, aparkaleku faltaren ondorioz edozein tokitan aparkatu eta segurtasuna eta irisgarritasuna kolokan jartzea baino". Horretarako, udaltzaingoak eta udaleko kirol sailak elkarrekin koordinaturiko dispositibo berezia jartzeko proposamena egin du EH Bilduk.

Bide batez, eskerrak helarazi gura izan dizkio EH Bilduk Muntsaratzeko txirrindulari elkarteari eta boluntario guztiei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!