Zirkuitu eraberritu bategaz goi mailako txirrindulariak hartuko ditu zapatuan Abadiñoko ziklo-kros probak

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 26a, 15:00

Zapatuan Abadiñoko ziklo-kros sariaren seigarren edizioa jokatuko da, C2 mailako nazioarteko lasterketa. Aurten txirrindulariek zirkuitu eraberritu bat aurkituko dute. Orain arte, Zelaietako landetan jokatzen zen proba Muntsaratzeko landetan jokatu da.

"Orain artekoagaz alderatuta zirkuitu oso desberdina izango da. Hobekuntza asko ditu, eta Belgikako zirkuituen antza handia du. Txirrindulari indartsuentzat zirkuitu egokia izango da, zuzengune luzeak daude eta", adierazi du Joseba Gorostiza Abadiño Muntsaratz Txirrindulari elkarteko kideak. Zirkuituak 1950 metro ditu eta arrapala bat egongo da. "Arrapala kurba baten ostean dago eta erabakigarria izan daiteke", esan du Gorostizak.

Parte hartze zabala
Txirrindulariei dagokienez, parte hartze zabala egotea espero da. Guztira 350 bat txirrindulari izango dira. 9:00etan hasiko dira gazte mailako lasterketegaz, 11:00etan emakumezkoen txanda izango da eta 12:00etan elite eta 23 urtez azpiko gizonezkoena. Ostean, masterrak ariko dira. Emakumezkoetan, Lucia Gonzalez eta Aida Nuño asturiarrak dira faborito nagusi. Gizonezkoetan, berriz, Ismael Esteban, Kevin Suarez eta Aitor Hernandez. Baita, Jon Munitxa abadiñarra ere. "Azken aldian maila oso onean dabil, eta berarentzat zirkuitu egokia izan daiteke", esan du Gorostizak.

Mikel Garaizabal alkateak, berriz, herritarrei bertaratzeko deia egin die, eta antolatzaileei eskerrak eman dizkie egindako lanarengatik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!