Asteburuan, denboraldiko lehenengo podiuma lortu duzu Berrizen. Pozik zaude lortutakoagaz?
Bai. Orain arte ez zaigu karrera onik irten, eta ematen du apurka-apurka bagoazela aurreruntz. Gainera, Durangaldean, lagunekin, bigarren postua lortzea pozgarria da.
Astebete lehenago, Elorrioko ziklo-kros proban eroriko bat izan zenuen. Guztiz osatuta heldu zinen Berrizko lasterketara?
Egia esan, hasieran ez nuen asmorik Berrizen parte hartzeko. Gure intentzioa Katalunian jokatu ziren nazioarteko lasterketetara joatea zen. Baina Elorrion jausi egin nintzen eta eskua bihurritu nuen. Igeltsua ipini zidaten, eta, eskua guztiz ondo ez neukala kontuan hartuta, Kataluniara joan beharrean Legazpian eta Berrizen parte hartzea erabaki genuen. Eskua benda bategaz lotuta irten behar izan nuen, baina lasai nago eskua hobeto neukala ikusita.
Oraintsu hasi berri duzue ziklo-kros denboraldia. Gustura hasieragaz?
Badakit inoiz baino hobeto gaudela, baina, bata dela edo beste dela, ez naiz ondo ibili lasterketetan eta espero baino makalago nago. Entrenamenduetan emaitza onak izan ditut, baina lasterketetan ez. Hala ere, ematen du apurka-apurka badoala gorputza soltatzen eta karreretara egokitzen.
Zein da denboraldiko zure helburu nagusia?
Nerbioak kontrolatzea lortu eta etxeko lasterketan proba ona egin gura nuke. Gainera, Abadiñoko ziklo-kros proba nazioartekoa da eta lan txukuna egitea gustatuko litzaidake. Begiz jota ditut baita ere, Lezaman jokatuko den Euskadiko Txapelketa, Garaiko Bizkaiko Txapelketa eta Pontevedrako Espainiako Txapeketa. Horrez gainera, abendu amaierara ere ondo heldu gura nuke, Belgikara joango gara eta.