Mugimendu feminista Durangaldean

Abadiñon elkarte feminista bat sortzeko ahaleginak egin diren arren, emakume taldeak dira nagusi

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 6a, 09:30

Udaleko Berdintasun Sailetik abiatutako talde bat, Gaztetxeko ikastaro batetik hasitako beste bat eta Abadiñora bizitzera etorritako herritarren beste talde bat. Hiru emakume talde horiek Abadiñok dituen soziologia anitzak islatzen dituzte. Bakoitzak, beretik, herritarren beharrizanak asetzen ditu.

Bestalde, herriko zenbait ekintzaile feministak Abadiñoko Txoko Feminista bat sortzeko agertu izan dituzten asmoak gehitu behar zaizkie hiru talde horiei. Oraingoz, ez dute egitura antolaturik, baina, tarteka, bertako herri mugimenduan entzuten dira behin betiko egitura bat sortzeko ahotsak.

Dena dela, aldarrikapenak egin behar direnean, ahobizarrik barik kaleratzen dituzte mezu feministak. Tamalez,  egon da horretarako premiarik. 2014ko abenduan Traña-Matiena auzoan izandako hilketa matxista biak dira horren erakusle. Baita, oraintsu, herriko hiru emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta kartzelaratu duten herritarraren auzia ere.

Gaztetxean sortu, eta herrira zabaldu

Kakorratz lantegia

Sorrera urtea: 2015. Gaztetxeko ikastaro modura sortu zen, baina izaera propioa duen taldea da gaur egun.

Helburu nagusiak: kakorratz eta josketa ikastaroa eskaintzea. Emakumeei eragiten dieten gaiak lantzea. Data seinalatuetan parte hartzen dute.

Izaera: talde heterogeneoa. Adin nagusiko emakumeak zein bospasei urteko umeak elkartzen dira. Herritarrak integratzeko tresna ere bada.

Partaide kopurua:  aldakorra.

Bilera maiztasuna: eguaztenero, Txanporta kultur etxean, 18:00etan.

Hemengo zein hango izan, badago tokia 

Amalurra elkartea

Sorrera urtea: 2018.

Helburu nagusia: bertan jaiotako zein Abadiñora bizitzera etorritako herritarren arteko topaleku bat eskaintzea. Emakumeak hezteko gune atsegin eta kulturala sortzea. Herritar berrien integraziorako tresnak ematea.

Ekintzak: sukaldaritza eta gimnasia ikastaroak. Gaztelania eskolak helduentzat. Arabiera eskolak umeentzat.

Partaide kopurua: 6 inguru, baina zenbait ikastarotan 20 izatera ailegatu dira.

Kontaktua: mymounaelbouhali@gmail.com

Berdintasun sailaren hazia

 Anboto Azpiko Damak

Sorrera urtea: 2004. Udaleko Berdintasun Saila sortu zen urte berean jaio zen elkartea

Helburu nagusia: gizarteko ahalik eta arlorik gehienetan berdintasuna lantzea.

Egoera: elkartearen lana bolada batez etenda egon eta gero, berriro ere indartzeko asmoa dute. Zuzendaritza batzordea berritu gura dute, belaunaldi gazteago baten laguntzagaz.

Partaide kopurua: 6-8 modu aktiboan, baina, beharrizanen arabera, boluntarioak ere batzen zaizkie.

Kontaktua: Helbide elektronikoa sortuko dute laster.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!