Hamalau umeren afizioari eskerrak, Abadiñoko Mahai-tenis Taldea berreskuratu dute

Joseba Derteano 2019ko urr. 28a, 10:10

Mahai-tenisa bueltan da Abadiñon.  Kirola probatu gura duten ume batzuei eskerrak, orain ia 10 urte desegindako taldea berreskuratu dute, eta, laster, eskola kiroleko Bizkaiko ligak hasiko dituzte.

Abadiño Mahai-tenis Taldea kirol horren zale ziren gazte batzuek sortu zuten, 1988an. Hurrengo 22 urteetan, Bizkaiko eta Euskadiko ligak jokatu zituzten. 2010ean, ostera, taldea bertan behera utzi zuten. "Urteak aurrera joan ahala, jendeak beste zeregin batzuk zituen eta atzetik ez zetorren umerik. Errelebo falta izan zen taldea bertan behera uzteko arrazoi nagusia", adierazi du Kike Irineuk (Abadiño, 1979), taldea berreskuratu duen mahai-tenis jokalariak.

Kalea, irakaslerik onena
Taldeari ez zioten baja eman Eusko Jaurlaritzako kirol taldeen erregistroan. Pertsianak itxi eta argiak amatatu zituzten, noizbait txinparta berriro piztuko zen esperantzagaz. Txinparta hori orain heldu da. "Traña-Matienan, erabilera anitzeko kirolgunearen ondoan, mahai-tenisean jokatzeko mahai bi daude kalean, eta, sarritan, umeak bertara bidean ikusten nituen palak eskuan hartuta. Jendeak ere esaten zidan beharbada taldea berreskuratzen ahalegindu nintekeela, eta, azkenean, animatu egin nintzen", gogoratu du Irineuk.

Ahaleginak bere fruituak eman ditu. Orain hilabete eskas hasi dituzte entrenamenduak, 10etik 13 urtera arteko 14 gaztegaz. Astelehenetan eta eguenetan entrenatzen dira, 17:00etatik 19:00etara, Traña-Matienako pilotalekuan, eta kirola probatu gura dutenentzat atea zabalik dutela diote. Bertara joan daitezke entrenamendu egunetan.

Hilabete eskaseko entrenamenduek ez dute askorako ematen eta, batez ere, kalean ikasitakoagaz hasiko dituzte laster Bizkaiko Ligak, kimuetatik kadeteetara arteko mailetan. Kalea ez da eskolarik txarrena. "Batzuek ordu askoan jokatu dute udan, eta etxean ere mahaiak dituzte. Beraz, ondo moldatzen dira", uste du Irineuk. Etorkizunera begira, gazte gehiago batzea eta apurka-apurka taldea indartzea dira helburuak.

Irineu, munduko txapelketan
Kike Irineu Abadiñoko taldean ibili zen, 2007ra arte. Harrezkero, beste hainbat tokitan jokatu du. Gaur egun, Basauri Mahai-tenis Taldean dabil, eta nabarmentzeko moduko emaitzak lortu izan ditu beteranoen mailan. Aurtengo maiatzean, bigarren amaitu zuen Altean (Valentzia) jokatutako Espainiako txapelketa. Bestalde, irailean hirugarren geratu zen autonomien arteko Espainiako Txapelketan, Euskadiko Selekzioko taldekideekin batera. Bere burua ondo ikusten du eta 2020ko ekainean Bordelen (Frantzia) jokatuko en Munduko Txapelketan parte hartuko du. "Maila handia egongo da eta kanporaketaren bat gainditzea izango dut helburu", dio.




 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!