Oihana Azkorbebeitia zazpigarren mendiko lasterketen Munduko Kopako finalean, Italian

Anboto 2019ko urr. 20a, 10:00

Ekaitz Anda

Atzo batutako puntuekin hamargarren amaitu du Kopako sailkapen nagusian.

Atzo mendi lasterketen Munduko Kopako final handia jokatu zen,Italian, Limone Sul Garda herrian. Irteeran 67 korrikalari baino ez ziren egon, 38 mutil eta 29 neska. Finalerako txartela lortu zuten bakarrak izan ziren, 27 herrialdetakoak guztira. Eta, tartean, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra egon zen.Baita selekziokide dituen Ander Iñarra, Maria Zorroza, Mayi Mujika eta Julen Martinez de Estibariz ere. 27 kilometroko eta 2.600 metroko desnibel positiboko ibilbideari aurre egin zioten denek. Ruy Ueda korrikalari japoniarrak irabazi zuen mutiletan, 3.02.54ko denbora eginda, eta Denisa Dragomir errumaniarra izan zen irabazlea nesketan (3.36.30).Oihana Azkorbebeitia zazpigarren sailkatu zen (4.00.14). "Lasterketa bitxia izan da. Sekula ere ez dut parte hartu eliteko korrikalariekin bakarrik, beste inor barik. Nortzuk egon diren ikusita, azken geratzea ere posible dela pasatu zait burutik. Eta hala izan da lehenengo kilometroetan. Mayik eta biok ez dugu inortxo ere izan atzetik. Beraz, pozarren nago zazpigarren postuagaz", adierazi du Azkorbebeitiak.

Limone Sul Gardako final honegaz amaitu da Munduko Kopa, eta orain arteko lasterketetako puntuazioa kontuan hartuta, Abadiñoko korrikalariak hamargarren amaitu du sailkapen nagusian. Sheila Aviles katalanak irabazi du Kopa nesketan, eta Ruy Ueda japoniarrak mutiletan.

Aurtengo denboraldian, etxeko lasterketez gainera, Azkorbebeitia nazioarteko hamasei probatan lehiatu da, eta lehenengo hamarretan sailkatu da denetan, erregulartasun handia erakutsita. Horietatik lau probatan, gainera, podiuma zapaldu du: garaipen bat, bigarren postu bat eta hirugarren postu bi. Laugarren ere birritan geratu da. "Lasterketa askotan parte hartu dut, etxean zein atzerrian, baina gorputzaldi onagaz eta sasoi onean heldu naiz denboraldi amaierara. Hori bai, oinetako minez. Norvegiako lasterketa amaitu ez izana dut pena bakarra. Lesionau egin nintzen eta oinetako mina zela-eta ezin nintzen oinez ere ibili", gogoratu du korrikalari abadiñarrak. Datorren denboraldiko Munduko Kopako lasterketen egutegia kaleratu dute dagoeneko eta hortxe izan dezake Azkorbebeitiak Norvegiako arantza kentzeko aukera, probetako bat hantxe baita. "Euskal selekzioagaz Munduko Kopa egiteko aukera badut, prest nago datorren urtean ere lehiatzeko. Gainera, Gorbeia Suzien proba ere sartu dute Kopan, eta polita izango da, gaineratu du.

Aitor Ajuria bederatzigarren.

Eliteen lasterketaz gainera, Limone Extreme lasterketa jokatu da Limone Sul Gardan, 23 kilometrokoa, eta Aitor Ajuria korrikalari otxandiarrak parte hartu du bertan. Bederatzigarren postuan sailkatu da. Otxandioko erronka irabazi eta gero, atzo ere sasoi betean dagoela erakutsi zuen. "Asko gozatu dut gaurko proban. Ondo hartu diot neurria eta sentsazio onak izan ditut", adierazi du Ajuriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!