Abadiñoko Udalak OHZ izozteko eta gainontzeko zergak %1´5 igotzeko asmoa agertu du

Aritz Maldonado 2019ko urr. 8a, 12:26

Urriaren 17an egingo den ez ohiko bilkuran aztertuko da udal gobernu taldearen proposamena.

"Zerbitzuen kalitatea mantendu gura da proposamen honen bidez" azaldu du Iñaki Rekalde zinegotziak ohar baten bidez. 180.000 eurotik gorako balio katastrala duten etxebizitzek %0,25ko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaindu beharko dute, orain arte ordaindu behar zen %0,32 beharrean.

Alokairuko etxebezitzen kasuan OHZ ordaintzerakoan %50eko hobaria edukitzeko aukera barnebiltzen du proposamenak. Proposamenak ibilgailuen gaineko zergak aipatzen ditu; hobariak izango dituzte ibilgailu historikoek, elektrikoek eta hibridoek. 

EH Bildurentzako ez da nahikoa

Abadiñoko EH Bilduren berbetan, udal gobernu taldeak proposaturiko jaitsiera ez da nahikoa. "Iaz  2.000.000 euro bildu zituen udalak OHZren bidez Proposamen berriarekin, 33.000 euro gutxiago bilduko dituzte, beraz, aldaketa ez da hain handia". EH Bilduren proposamenaren arabera, 180.000 euro baino gehiagoko balio katastrala duten etxeen kasuan %0,22ra arteko jaitsiera egin beharko litzateke; hortik beherako kasuetan, ostera, %0,25etik %0,18ra egitea proposatzen dute. Horrez gainera, udal gobernuak azken urteetan egindako kudeaketa kritikatu dute. "Durangaldeko OHZ altuenetakoa edukitzen jarraitzen dugu, eta gainera aitortu dute ezingo direla agindutako laguntzak eman" azaldu du EH Bilduk ohar baten bidez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!