“Anboto mendia berezia da niretzat, eta baita kilometro bertikala bera ere”

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 4a, 12:00

Denboraldi hasieran Kilometro Bertikalen Munduko Kopan lehiatzeko asmorik izan ez zuen arren, hirugarren postuan amaitu berri du Oihana Azkorbebeitiak.

Grand Serreko (Frantzia) kilometro bertikalean zazpigarren postua lortu berri duzu. Pozik lortutakoagaz?
Sekula ere ez dut egin hain lasterketa labur eta bertikalik, eta Grand Serrekoa gauza berria izan zen niretzat. Asko sufritu nuen. Aspaldi ez dut horrelako arnasesturik izan eta aspaldi ez dut neure burua horrenbeste estutu. Alde horretatik, zazpigarren postua ez da hain ona, baina pozik amaitu nuen, eta nahikoa. Laburregia izan zen niretzat, esplosiboegia.Datorren urtean hobeto egin dezaket, hara banoa behintzat.

Oso ibilbide gogorra izan zen.
Probak 1,8 kilometro du guztira, eta 1.000 metroko desnibel positiboa. Hasieratik bertatik aldats pikoak ditu, eta, erdialdetik aurrera, %71ko penditza duten irripa amaiezinak, atsedenik bakoak. Astakeria bat. Tarte horiek lau hankatan igo nituen. Tontorra bertan dagoela ematen du, baina niri behitzat oso luze egin zitzaidan, oso agonikoa.

Munduko Kopa hirugarren postuan amaitu duzu. Pozik lortutakoagaz?
Oso pozik nago, batez ere egin ditudan lasterketak ikusita eta jendea nola dabilen kontuan hartuta. Gainera, kontuan izan behar da egutegia egin genuenean ez genuela Kilometro Bertikalen Munduko Kopa egiteko asmorik.

Lehenengo sailkatu biek zuk baino lasterketa gehiagotan parte hartu dute. Baduzu beste lasterketaren batean  egon ez izanaren penarik?
Penarik ez, ez zelako gure asmoa. Beste probaren bat egin izan banu, seguruenik bigarren postua lortuko nuen sailkapen nagusian, baina ez dut penarik. Lau proba egin ditut, eta lehenengo, bigarren, hirugarren eta zazpigarren sailkatu naiz. Ezin dut gehiagorik eskatu.

Asteburuan Anbotoko Kilometro Bertikala jokatuko da. Zeurea da errekorra, iazkoa. Nola zaude?
Iazko marka egitea oso zaila izango da. Lurra oso siku egon behar da horretarako. Baina gustura igotzea eta denbora ona egitea itxaroten dut. Gainera, Anboto mendia berezia da niretzat, eta baita kilometro bertikala bera ere. Orokorrean, Euskal Herriko probak asko gustatzen zaizkit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!