Oihana Azkorbebeitiak hirugarren amaitu du Kilometro Bertikalen Munduko Kopan

Anboto 2019ko ira. 29a, 16:15

Zirkuituko azken proban, Alp du Grand Serren, zazpigarren sailkatu da gaur.

Gaur Grand Serre kilometro bertikala jokatu da Frantziako Alpeetan, Cholongue herrixkan, eta Oihana Azkorbebeitia zazpigarren postuan sailkatu da 41 minutu eta 52 segundoko denbora eginda. Axelle Mollaret frantziarrak irabazi du nesketan, iazko garaileak eta faborito nagusiak. Gainera, kilometro bertikalen munduko errekor berria ezarri du: 34'01". Orain arteko munduko errekorrak ere Grand Serreko kilometro bertikalean lortutakoak izan dira, izan ere, munduko laburrena da. 1,8 kilometroko luzeran igotzen dute bertikala, 1.141 metrotik 2.141 metrora. Horrek esan gura du aldats ikaragarriak igo dituztela korrikalariek. "A zelako hormatzarrak igo ditugun. Handiena %71ko penditzakoa, ibilbidearen erditik aurrera. Atzerantza jausteko ere! Lehenengo neskaren denbora, eta errekorra, estratosferikoa izan da", adierazi du korrikalari abadiñarrak. Gaurko zazpigarren postuagaz, Japoniako garaipenagaz, Italiako bigarren postuagaz eta Norvegiako hirugarrenagaz, Azkorbebeitiak Bertikalen Munduko Kopako hirugarren postua lortu du azkenean sailkapen nagusian. Jessica Pardin frantsesak irabazi du kopa, eta Yuri Yoshizumi japoniarra izan da bigarrena. "Denboraldi hasieran ez neukan pentsatuta bertikalen munduko zirkuitua egitea, baina Japoniako garipenaren ondoren, beste hiru probatan parte hartzea erabaki nuen. Munduko Kopako probetan hiru podium lortzea eta sailkapen nagusian hirugarren sailkatzea gauza handia da eta ezin dut gehiago eskatu", gaineratu du Azkorbebeitiak. Anbotoko kilometro bertikala du orain begiz jota. Datorren domekan jokatuko da, Arrazolan, 14:00etan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!