“Hanka galdu eta hurrengo egunean protesia edukitzea miraria da”

Aritz Maldonado 2019ko ira. 27a, 12:00

Azken asteetan, elkartasunak Durangaldea eta Ceuta batu ditu. Itziar Larrinaga abadiñarra Hemendik Harantz elkarteko kidea da. Eta Emi Mata Abadiñon bizi den durangarra. Kasualitate ia magiko batetik, istorio polit bat jaio da; momentuan erabilpenik ez zuen protesi sorta batek hiru laguni bizitza berri bat hasteko aukera emango die.

Nolatan bidali dituzue protesiak Ceutara?
Itziar Larrinaga:
Zazpi lagun ezkutatuta zeramatzan auto batek istripua izan zuela irakurri nuen. Lagunetariko bati hanka moztu zioten. Emiren aitaren protesiekin gogoratu nintzen orduan.
Emi Mata: Aita hil eta gero, etxean lau protesi genituen. Ez genituen erabiltzen. Nire asmoa Siriara edo errefuxiatuen guneren batera bidaltzea zen, baina ez nekien nola. Hemendik Harantz elkarteak postua ipini zuen egun batean Abadiñon, eta hara joan nintzen.
I.L: Ceutako egunkariekin eta ospitalagaz hartu-emanetan ipini ginen, gure protesien berri emateko. Hanka moztu eta hurrengo egunean protesi batzuk agertzea mirari bat zela esan ziguten ospitalean. Dena prestatzen hasi ginen protesia bidaltzeko. Beste mutil baten kasuaren berri eman ziguten. Diabetesa zuen eta berak ere hanka galdu zuen. Egunotan, protesia behar duen hirugarren baten kasua ere aipatu digute. Ceutako elkarte batzuen eta Gurutze Gorriaren bitartez egin ditugu tramiteak.

Amaiera atsegina, eta, aldi berean, zerbaiten hasiera?
I.L.:
Hori da. Albistearen harira, jende asko ipini da hartu-emanetan gugaz, bai zoriontzeko, bai gauza berriak eskaintzeko.
E.M.: Guk bihotza beteta dugu, egin duguna ondo egin dugulako. Norbaitek etxean baztertuta dituen gauzak oso baliagarriak izan daitezke beste norbaitentzat.

Elkartearentzat ere positiboa izango da.
I.L.: Lan handia izan da, eta bestelako loturak sortzeko baliagarria izan da. Gainera, albisteak oihartzuna izan du eta horrek ere lagunduko du bestelako ekimenetarako; aste batzuk barru abiatuko dugun arropa bilketarako, adibidez. Neguko arropa bilduko dugu, Greziako errefuxiatuei bidaltzeko.

Bestalde, erakundeetako ordezkariei dei egin gura nieke. Gure guneetatik irten, eta mugetatik haratago begiratu dezatela. Joan daitezela mugetara, beste kultura batzuk ezagutzeko, beste jende bati entzuteko, zerbait emateko eta jasotzeko. Horretarako prest egoteko. Horrela, hain ezkorrak izan beharrean, eurak ere eskuzabalagoak lirateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!