Oihana Azkorbebeitia bederatzigarren Ring of Steall Skyrace mendi lasterketan, Eskozian

Joseba Derteano 2019ko ira. 21a, 18:54

"Gaur egun dagoen maila handiagaz, lehenengo hamarren artean helmugaratzea emaitza ezin hobea da niretzat, eta pozarren nago", adierazi du Azkorbebeitiak.

Golden Trail Series txapelketako finalaren atarian, gaur sailkapen faseko azken mendi lasterketa jokatu da Eskozian, Kinlochleven herrian. 700 lagunek baino gehiagok ekin diote 29 kilometroko ohiko ibilbideari, tartean Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak. Iaz bezala, bederatzigarren postuan sailkatu da. "Gaur egun dagoen maila handiagaz, lehenengo hamarren artean helmugaratzea emaitza ezin hobea da niretzat, eta pozarren nago", adierazi du Azkorbebeitiak. Judith Wyder suitzarrak irabazi du lasterketa nesketan, eta Nadir Maguet italiarrak mutiletan.

Azkorbebeitiak Golden Trail Series-eko hiru lasterketatan parte hartu du eta hiruretan bederatzigarren sailkatu da: Zegama-Aizkorri maratoian, Mont Blanc maratoian eta Eskoziako gaurko lasterketan. Hala ere, Abadiñoko korrikalariak ez du lortu Nepalen jokatuko den finalerako txartela, sailkapen nagusiko lehenengo hamarrek baino ez dutelako horretarako aukera. Azkorbebeitia hamahirugarrena izan da sailkapen nagusi horretan. "Ia ezinezkoa zen Nepalgo finalera sailkatzea. Horretarako, lehenengo bosten artean amaitu behar nuen gaur gutxi gorabehera, eta beste zenbait korrikalarik kale egin behar zuten. Baina justu kontrakoa gertatu da. Hala ere, ahalegina egin behar nuen, batez ere itzelean gustatzen zaidalako Eskoziako proba hau. Lehenengo hamarrak hobeto aritu dira orokorrean, eta merezita joango dira Nepalera. Aritz Egea korrikalari urretxuarra ere zoriondu gura dut, azkenean finalerako txartela lortu duelako", gaineratu du Azkorbebeitiak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!