“Europako txapelketako domina familiagaz batera ospatzea oso polita izan da”

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 13a, 16:00
Argazkia: OlatzGO

Miriam Elorza Europako sokatira txapelketa lehiatzen aritu da asteburuan. Gaztedi taldeagaz aritu da Irlandan jokatu den txapelketan, eta zilarrezko domina etxeratzea lortu du, 560 kiloko kategorian.

Europako txapelketan zilarrezko domina eskuratu berri duzu. Nola joan ziren tiraldiak?
Tiraldi gogorrak izan ziren. Gaztedi taldeak hainbat baja izan zituen udan, eta uztailean ea eurekin entrenatzen hasi nintekeen galdetu zidaten, txapelketa prestatzeko asmoz. Beraz, kontuan hartuta hile eta erdi entrenatuta joan naizela Europako txapelketara, tiraldiak oso gogorrak izan ziren. Hala ere, gogotsu irten genuen finalera. Gure asmoa Txina Taipeiko taldea garaitzea zen, talde gutxik lortu izan dutena, hain zuzen. Ahalegindu arren, ez genuen lortu. Hala ere, pozarren gaude egindako lanagaz.

Itxarondako emaitza izan da?
Egia esan, ez. Euskadiko txapelketan, Gaztediko neskak bakarrik daude, eta, beraz, zein mailatan geunden ondo jakin barik joan ginen Europako txapelketara. Gainera, kontuan hartu behar da talde zehatz bat eramatea pentsatuta zeukatela hasieran, eta, azkenean, beste tiralari batzuek osatutakoa joan garela.

2018ko otsailetik hona lehiatu barik egon zara, eta zure itzulerako txapelketan zilarrezko domina lortu duzu, semea eta senarra hantxe zirela. Nolakoa izan da domina eurekin ospatzea?
Denboraldia udan izatera, familiakook oporrik barik geratu ginen, eta Julen senarrari esan nion aukera polita izan zitekeela umeagaz egun batzuk pasatzeko. Beldur apur bat ere bagenuen, biok parte hartu behar genuelako, biok batera tiratzen ibili behar genuelako, umea hantxe zela. Baina esan beharra dugu Gaztedi taldea oso ondo portatu dela gugaz, eta asko lagundu digutela umeagaz. Esperientzia oso polita izan da, izugarria. Europako txapelketako domina familiagaz batera ospatzea oso polita izan da. Ikaragarria, errepikatzeko modukoa, zalantzarik barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!