"Autoen munduan oraintxe nabil gehien gozatzen"

Joseba Derteano 2019ko abu. 30a, 14:00
Igor Urien -ezkerrean- eta Gabriel Alonso, Valentzian irabazitako erresistentzia proba irabazi eta gero.

Gazteagotan, automobilismoaren promesa izateak zekarren zama bizkarreratzea egokitu zitzaion Igor Urieni (Abadiño, 1994). 3 Formulan lehiatu zen, bere itxaropena eta bere alde apustu egindako guztiena betetzeko presioagaz. Amaitu zen etapa hura, eta gaur egun beste modu batera bizi du autoen mundua. Bolantean gozatzea du helburu bakarra, zainetan daraman irabazteko grinari uko egin barik. “Oraintxe nabil automobilismoaz gehien gozatzen. Lehen, lan moduan hartzen nuen gehiago. Orain, beste mentalitate bategaz nabil”, azaldu du. 

Zenbait diziplina eta auto probatzen dabil, besteen aginduetara batzuetan, eta bere proiektu propioak martxan jarrita besteetan. Industria arloko ingenieritza mekaniko ikasketak amaitu berritan, ez du bere benetako pasioa alde batera uzteko inongo asmorik.

Erresistentzia txapelketa
Espainiako pilotuen rankingean izendapenik gorena du Urienek. Zigilu hori dute estatuko piloturik onenek. Horregatik, Espainiako Erresistentzia Txapelketan dabilen Gabriel Alonso pilotu argentinarrak behin baino gehiagotan jo du Urienengana, bere talentuaren bila, eta abadiñar gazteak ez die aukera horiei muzin egiten. Batak bere baliabideak jarri ditu mahai gainean, eta besteak bere eskuak eta esperientzia. Biek elkarregaz, baina batez ere Urienen dohainei eskerrak, Valentziako lasterketa irabazi dute aurten. Gainera, lehiakortasunaren mesedetan, goi mailako gidariei jartzen dizkieten denbora penalizazioei aurre egin behar izan die Urienek. "Gero, gorriak eta bi egin behar izaten dira pistan denbora hori errekuperatzeko, baina horrek motibatu egiten nau", dio.

Iaz Peugeot autoen erresistentzia probarik garrantzitsuenean parte hartzeko aukera izan zuen, Frantziako Magny Cours zirkuituan. Bosteko taldetan banatuta, gidariak erreleboka aritu ziren, 24 orduan geratu barik. Gaueko errelebo guztiak egitea egokitu zitzaion Urieni. “Ez dut bizi osoan hainbeste kafe hartu. Erreleboak amaitu, hiru ordu lo egin eta autora bueltatzen nintzen. Gogorra da gauez lehiatzea”, gogoratu du. Baina ez dago kexatzeko. “Oso esperientzia polita izan zen”, esan du.

Istripua Citroen AX-gaz 
Noizean behingo erresistentzia lasterketekin batera, Euskal Herriko Igoeren Txapelketan aritu izan da Urien. Kasu horretan, bere kontura, inoren aginduetara ibili beharrik barik. Berak eta Pedro Urien aitak prestatutako Citroen AX prototipoa “itzelean” zebilela dio. “Porsche-ei eta antzerakoei irabazten genien. Ikaragarri disfrutatzen nuen”, azaldu du. Abentura bide onetik zihoan, iaz Oñatiko lasterketa heldu zen arte. Irabazi egin zuen lasterketa lehenengo txandan egindako denborari eskerrak, baina bigarrenean autoari malgukia apurtu zitzaion eta istripua izan zuen. “Kolpe gogorra hartu nuen. Hainbat saihetsetan zartadurak izan nituen”, gogoratu du. Baina ez da geldi egoten dakien mutila. Handik hiru astera, Peugeoten erresistentzia proba jokatu zen eta ez zuen hutsik egin.

Etorkizuna, Ginetta autoagaz
Orain, beste proiektu berri eta “ilusio handiko” bat du esku artean. 360 zaldi dituen Ginetta G50 GT4 auto bat eskuratu du eta haregaz Espainiako mendiko txapelketan parte hartzea du helburu. Aurten lasterketa solteren bat, eta datorren urtean denboraldi osoa. Lehiakortasun “handiko” txapelketa dela dio eta horrek “motibatu” egiten duela. Gainera, Espainiako txapelketa horretako hainbat proba Europakorako puntuagarriak dira eta horrek erronka “are interesgarriago” bihurtzen du, Urienen esanetan. Autoa probatu du eta oso sentsazio onak utzi dizkio. “Gozamena da. Beste auto batzuen aldean zaldi gutxiago ditu, baina arinagoa da, eta aproposa igoeretako bide estuetan aritzeko”, argitu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!