Aske utzi dute G7aren kontrako mobilizazioetan atxilotu zuten gazte abadiñarra

Ekaitz Herrera 2019ko abu. 27a, 14:38
G7ko goi-bilkuraren aurkako manifestazioa egin zuten Hendaia eta Irun artean, joan den zapatuan

Atxilotutako gaztearen familiak ANBOTOri azaldu dioenez, joan den barikuan atxilotu zuten gaztea Urruñan, G7ko goi-bilkuraren aurkako mobilizazio batean parte hartzen ari zela. Domekan askatu zuten behin-behinean. Familiako iturriek azaldu dutenez, "baliteke irailaren 20an alaba epaitua izatea". 

"Alaba Urruñan atxilotu zuten barikuan eta domekan aske utzi. Komisaldegitik deitu zigun, bertako abokatuen bitartez telefono dei bat eginda", azaldu diote gaztearen familiako iturriek ANBOTOri. "Atxiloaldiak iraun duen bitartean tratu zuzena jaso du alabak; aldiz, oso bestelakoa izan zen atxiloketaren unea. Alabak esan digu polizia agenteek ukabilkada bat eman ziotela aurpegian eta brida batzuekin lotu zizkiotela eskumuturrak. Etzanda izan zuten eta minberatuak gelditu zitzaizkion eskumuturrak", azaldu dute.

Atzo -astelehena- bukatu zen abuztuaren 24an Miarritzen hasitako G7ko goi-bilkura. Mobilizazio, istilu eta atxiloketa ugari izan dira Lapurdiko hainbat herritan bilkurak iraun duen egunetan. Abadiñoko gaztea atxilotu zuten egunean, abuztuaren 23an, 17 pertsona atxilotu zituen Frantziako poliziak Urruñan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!