Oihana Azkorbebeitia hamargarren Matterhorn Ultraks "Extreme" mendi lasterketan.

Anboto 2019ko abu. 23a, 17:13

Albert Jonquera

Korrikalari abadiñarra zazpigarren dago orain Munduko Kopako sailkapen nagusian.

Mendiko lasterketen Munduko Kopak Suitzako Alpeetan izan du gaur hitzordua, Zermatt herrian hain zuzen ere. Aurten ibilbide berria prestatu dute antolakuntzakoek, eta lasterketa laburragoa izan bada ere, aurreko urteetakoa baino teknikoagoa eta gogorragoa izan da. 25 kilometroko proba izan da, 2.800 metroko desnibel positibokoa, eta korrikalariek 3.300 metrotan zapaldu dute lasterketako punturik gorena. Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak bertan parte hartu du eta hamargarren sailkatu da. Pozarren agertu da bizitako esperientziagaz eta lortutako emaitzagaz. "Zermatten selekziokideekin egotea eta lasterketan hamarren barruan sartzea opari ederra da. Gaurko lasterketak bikoitza puntuatzen izan du eta korrikalari guztiok geure onena eman dugu", esan du Azkorbebeitiak. Korrikalari abadiñarrak ibilbidearen gogortasuna ere nabarmendu du. "Aurtengo Munduko Kopako lasterketa guztiak gogor-gogorrak dira eta Zermattekoa ere halakoa izan da. Zenbait igoera eta jaitsiera sokei helduta egin behar izan ditugu, kranpoiak ere ipini behar izan ditugu glaziar bat igarotzeko, eta ia gerrirainoko errekak zeharkatu ditugu. Horri ibilbide harritsua eta mendien altuera ere gehitu behar zaizkio. Lasterketa ederra benetan", gaineratu du. Azkorbebeitiak selekziokideen lana ere aipatu du. "Ander Iñarra, Asier Larruzea eta Axi Alonso hogeiren barruan sartu dira eta hori oso zaila da munduko onenen artean.
Gaurko postuagaz batutako puntuekin, Azkorbebeitiak postu bat egin du aurrera sailkapen nagusian, eta zazpigarren dago orain. Johanna Astrom suediarrak irabazi du proba nesketan, eta Daniel Antonioli italiarrak mutiletan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!