Oihana Azkorbebeitia hirugarren Blamann-eko kilometro bertikalean, Norvegian

Anboto 2019ko abu. 1a, 22:04
Oihana Azkorbebeitia, Johana Astrom eta Hillary Allen. Argazkia: VKWC.

Bertikalen Munduko Koparako proba puntuagarria izan da eta korrikalari abadiñarrak hirugarren jarraitzen du bertikalen sailkapen nagusian.

Sea to Summit Blamann (Itsasotik Blamann tontorrera) kilometro bertikala jokatu da gaur Norvegia iparraldean, Tromso herrian, eta Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra hirugarren sailkatu da bertan. Itsas mailan hasita, korrikalariek Blamann mendia (1.044 m) igo behar izan dute, Kvaloya uharteko mendirik garaiena. 2,7 kilometroko ibilbidea izan da eta Johana Astrom korrikalari suediarrak irabazi du nesketan (43.38). Hillary Allen estatubatuarra izan da bigarrena (46.46) eta Oihana Azkorbebeitia hirugarrena (47.21). Hurrengo hiru neskak norvegiarrak izan dira. Blamann-eko kilometro bertikala Munduko Koparako puntuagarria izan da eta gaurko podiumari eskerrak Azkorbebeitiak hirugarren jarraitzen du sailkapen nagusian, Jessica Pardin frantsesaren eta Yuri Yoshizumi japoniarraren atzetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!