Oihana Azkorbebeitia bigarren sailkatu da Bei K3 kilometro bertikalean, Italian

Anboto 2019ko uzt. 27a, 16:01

Victoria Kreuzer korrikalari suitzarrak irabazi du nesketan, iazko garaileak.

Gaur Kilometro Bertikalen Munduko Kopako Bei K3 kilometro bertikala jokatu da Italiako Alpeetan, Susa herrian. Bei K3 kilometro bertikal hirukoitza da, izan ere 3.030 metroko desnibel positiboa igotzen da, 9,7 kilometrotan, Susa herritik Rocciamelone mendiraino (3.538 m.) Bertan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra bigarren sailkatu da 2.35.00ko denbora eginda. Victoria Kreuzer korrikalari suitzarrak irabazi du nesketan (2.27.55), eta Kilometro Bertikalen Munduko Kopako liderra den Jessica Pardin frantsesa eta Maya Chollet suitzarra sartu dira hirugarren eta laugarren, eskutik helduta (2.38.16)

"Ez dut sekula ere horrelako irripa gogorrik igo lasterketa batean. Anbotoko kilometro bertikala hiru bider jarraian igotzea bezalakoa izan da Rocciamelonekoa, eta pozarren nago bigarren postuagaz", adierazi du Azkorbebeitiak.
Gaurko bigarren postuagaz aste zoragarria borobildu du korrikalari abadiñarrak, aurreko domekan hirugarren geratu zen-eta Munduko Kopako Royal Ultra Trail Gran Paradiso lasterketan (55 km).
Azkorbebeitiak Norvegian du hurrengo hitzordua, datorren astean. Han ere Munduko Kopako proba bi lehiatuko ditu: kilometro bertikala abuztuaren 1ean eta Tromso Skyrace lasterketa (57 km) abuztuaren 3an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!