“Azken urteotan asko profesionalizatu den sektorea da kirolarena, eta orain arteko lan hitzarmena zaharkituta gelditu da”

Ekaitz Herrera 2019ko uzt. 20a, 10:00

Soroslea da Jokin Urkia durangarra;  eta gimnasioko monitorea Roberto Caballero abadiñarra. Ekainetik hona, mobilizazioak egiten dabiltza Astolako kiroldegian, helburu argi bategaz: Bizkaiko kiroldegi eta kirol-zelaien lan hitzarmena eguneratu gura dute. Oraingoz, ez dago akordiorik sindikatuen eta CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren artean, eta langileek greba egiten segituko dutela aurreratu dute. Egoerak, Abadiñoko kasuan, kiroldegiko 22 langileri, 2.200 erabiltzaile baino gehiagori, Emtesport enpresari eta udalari eragiten die.

Sindikatuen eta enpresarien arteko azken bilera astelehen honetan egin da eta akordiorik barik amaitu da. Nola dago egoera?
Jokin Urkia: Ez da inolako hurbilketarik egon. Grebak ekainean hasi genituen, baina dezente lehenagokoak dira sindikatuen eta enpresarien arteko tirabirak. 2018ko urrian izan zen alde bien arteko lehenengo negoziazioa, eta 14 bilkura egin dira ordutik hona. Huts egin dute denek, ez baita adostasunik egon. Egoera erabat geldirik dago eta soka tenkatzen ari da. Lan hitzarmena gaurkotzea da eskatzen duguna. 

Bizkaiko kiroldegietan indarrean egoniko azken lan hitzarmena 2015etik 2017ra bitartekoa da. Zeintzuk dira zuen eskakizunak?
J.U.: Azken urteotan asko profesionalizatu den sektorea da kirolarena. Horrek zaharkituta utzi du orain arte indarrean egoniko lan hitzarmena, eta hori gaurkotu beharra dago. Esate baterako, soldatak eta lan baldintzak eguneratu behar dira.
Roberto Caballero: Arazoetariko bat soldatena da, baina hori baino inportanteagoa da gure kategoria profesionalekin gertatzen dena. Oso prekarioak dira. Adibidez, badago kategoria bat "monitorea" lez identifikatzen dena. Bertan nornahi sartu liteke. Udalekuetako begirale bat, edadetuekin kirol jarduera bat antolatzen duen begirale bat zein bezero bati kirol jarraipen pertsonalizatua egiten dion monitore bat. Lan guztiak sartzen dira kategoria berean, nahiz eta bistakoa den oso lan desberdinak direla.
J.U.: Kiroldegiko harreran lan egiten dutenen kasua ere esanguratsua da. "Txartel-saltzaile" kategorian daude eta horren araberako soldata dute. Haien lana, teorian, txartela inprimatzera, takillak kudeatzera... mugatu beharko litzateke, baina, egia esan, administraritza lan oso bat egiten dute. 

Egiten dituzuen lanetariko batzuk islatu barik al daude hitzarmenean?
R.C.: Hitzarmenak ez ditu gure betebeharrak definitzen. Ez dakigu zer eskatu ahal zaigun. 
J.U.: Spinning klaseak dira ikusezintasun horren adibide. Klaseak prestatu ahal izateko, musika entzun eta bilatu behar da. Eta langileak ezin du hori guztia etxean egin, bere denbora librea baliatuta.
R.C.: Hori da hitzarmen berriak islatu beharko lukeen eginkizunetariko bat: lanaldi osoan dagoen langileak urtean 16 ordu izan ditzala klaseak prestatzeko.

Bizkai osoko auzia den arren, Abadiñori ere eragiten dio gatazkak. Zein harreman duzue udalagaz?
J.U.: Udalarenak dira instalazioak. Kiroldegiko erabiltzaileak Abadiñokoak dira. Beraz, udalak ere badu erantzukizun zati bat. Dena dela, borondatea agertu digute egoera konpontzeko. Udalbatzako hiru indar politikoak kezkatuta gerturatu dira gugana eta ikusi dugu badutela gauzak ondo egiteko borondatea. Oso positiboki baloratzen dugu hori.

Aurrerantzean zein bide hartuko dute negoziazioek eta grebek?
J.U.: Irailaren 24an izango da patronalaren eta sindikatuen arteko hurrengo bilera. Bitartean, mobilizazioek segitu egingo dute. Hemendik aurrera, geldialdiak lau ordukoak izango dira. Gaur (barikua) 8:30etik 12:30era egingo dugu. Martitzenean, ostera, egun osokoa izango da. Lehenengo aldia da sektore honetan lau sindikatu nagusiak (ELA, LAB, CCOO, UGT) batera mugitzen direla, eta auzia orokorra dela erakusten du horrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!